Merkataritza gune handi gehiago ez!

2018/07/20
Plataforma berri bat sortu da Gipuzkoan merkataritza gune handi gehiago eraiki ez daitezen. Plataforma hau hainbat sindikatu eta elkartek osatzen dugu: ELA, LAB, CCOO, UGT, EKA-OCUV, Euskaldenda, Dendartean, Haritzalde, Eguzki, Bidasoako Lagunak eta Belartza II Gelditu. Dagoenenko dauden merkataritza guneak ez handitzeko eta lurzoru berriak erabilera honetara ez bideratzeko moratoria bat eskatzen dugu.

2015ean Auzitegi Gorenak multinazional baten errekurtso baten ondorioz EAEko Ekipamendu komertzial handiak erregulatzen zituen PTSa (Lurralde Plan Sektoriala) bertan behera utzi zuen. PTS honek mugak jartzen zizkion merkataritza gune berrien eraikuntzari eta baita handitzeari ere. PTSa bertan behera gelditzearen arrazoia Europako konpetentzia librearen legediaren aurka zihoala izan zen.

Auzitegi Gorenak eta Europar Batasunak onartzen dute, eta esaten dute zilegi dela, mugak jartzea merkataritza gune berriak eraikitzeari, baita handitzeari ere, interes orokorreko gaiak ardatz hartuta; besteak beste, ingurugiroa, hirigintza, lurralde antolaketa, kontsumitzaileen defentsa edo kohesio soziala. Arrazoi hauengatik ekainaren 14an Legebiltzarrak plan orokorren aldaketei eta merkataritza gune handien eraikuntzarako edo handitzeko lizentziak emateari moratoria bat ematea eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta tokian tokiko udalei.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari eskatzen diegu ahal bezain laster Europako legean oinarrituz PTSa eta merkataritzako legea aldatu ditzatela, merkataritza gune handi berrientzat eta handitzeentzat birkalifikazioak galaraziz.

Bitartean, udaletxeei eskatzen diegu EAEko Legebiltzarrean onartutakoarekin bat eginez ez ditzatela plan orokorrak aldatu, ezta merkataritza gune berrientzat eta handitzeentzat lizentziarik eman ere.

Hurrengoa eskatzen dugu: PTSaren berriztapena eta merkataritza ekipamendu handiak antolatzeko eta azalera handiko guneak irekitzeko abiatu dituzten Plan Orokorren aldaketak eta lizentzia emateak gelditzeko.

Hiriko Plangintza Orokorrean edozein aldaketa egin ahal izateko, ingurumenaren gaineko eraginen ebaluazioa ez ezik plangintza berriaren inpaktu sozioekonomikoa aztertzen duten azterketa berrituak beharrezko izatea eskatzen dugu.

Merkataritza gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doaz eta ez da beharrezkoa gehiago eraikitzea, ingurugiroan eragin negatibo zuzena dutelako, errepide berrien eraikuntza dakartelako eta kotxearen erabilera handiagoarekin batera, baita bizi garen herriak itzaltzen dituztelako ere, gure gizarteko kohesioa eta aniztasunarekin bukatuz.

Planifikatuta dauden merkataritza gune berriek (Zaldunborda-Hondarribia, Garbera, Belartza 2, Illunbe, Teresategi-Lasarte, Urbil, Biurrarena,...) egun dagoena bikoiztuz (206.000 m2 eraikita eta 204.000 m2-ko aurreikuspena) merkatari txikien eta handien arteko oreka apurtzen dute, lana prekarizatu eta suntsitzen dute, gure herrietako ekonomia suntsitzen dute eta eskaintzan dibertsitatea sortzen duten denda txikien itxiera dakarte.

Gaur Donostiako udalean ordezkaritza duten taldeei dei egiten diegu Garbera eta Belartzaren handitzearekin zentzudun jokatu dezaten. Euren erabakia hausnartu dezaten eskatzen diegu, gaiak gizartean eta sektorean duen eragina aintzat hartuta. Kontutan izan dezatela Garberaren handitzearen harira eginiko inkestek eman zituzten emaitzak, non donostiarrek 10etik 2,14ko balorazioa ematen zioten Garbera handitzearen proiektuari.

Udal Gobernuari eskatzen diogu herritarren hitza entzun dezala eta Eusko Jaurlaritzari gizarteak eta eragileek eskatzen dutena kontuan izan dezala, eta ondorioz, Garberaren eta Belartza 2ren handitzeen inguruan arduraz joka dezatela, moratoria bat ezarriz, nora jo nahi dugunaren inguruan hausnartzeko.