ALTERNATIBA EKOSOZIAL JUSTUA

60 erakunde sindikal eta sozial baino gehiagok egin dute bat mobilizazio deialdiarekin

2024/05/03
Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta.

Maiatzaren 11ko manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon, 'Bizitza duinen alde. Por una vida digna' lelopean. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Irailean 40 kolektibo sozial baino gehiago bildu ginen Ozaetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatutako "Su txikien itsasoa" izeneko topaketan. Bertan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan hainbat mugimendu eta kolektibo sozialek egunero garatzen dituzten borrokak batuko zituzten aldarrikapen komunen eraikuntzan aurrera egin genuen. Borroka horiek guztiak dira beharrezko aldaketa ekosozialaren oinarriak, eta beharrezkoa den alternatiba ekosozial hori elkarrekin bultzatu nahi dugu.

Eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren aldaketa horretarako adostutako 7 ardatzak honako hauek dira: Pertsona guztientzat bizitzeko moduko planeta bat, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat eta ez gutxi batzuen onurak lehenesten dituenak, lanaren birbanaketa eta aitortza (batez ere funtsezkoak, zaintza lanak, etab.), subiranotasunen sustapena (elikadura, enegetika, telekomunikazioetakoak, etab.), pertsona guztientzako eskubideak (atzerritartasun legea indargabetzea), gerrari eta gastu militarraren igoerari uko egitea eta plangintza eta parte hartze demokratikoa.

Horretarako, ezinbestekoa dela gizartea aktibatzea. Beraz, maiatzaren 11n, milaka pertsona aterako gara Bilboko eta Iruñeko kaleetara, bidezko alternatiba ekosozial baterantz jo behar dugula sinetsita, ez baitago beste alternatibarik langile klasearentzat.