Mugikortasun jasangarria? Renove Plan berriak auto gehiago saltzeko bakarrik balioko du

2019/02/22
Eusko Jaurlaritzak iragarri duen bost milioi euroko Renove planak ez du balio mugikortasun jasangarria bultzatzeko. Izan ere, sektorearen interesen arabera jokatu du gobernuak, eta ez du ezertarako balioko. Urtean saltzen diren 40.000 autotik 3.000ri bakarrik eragingo die eta ez dakigu benetan zenbat auto elektrikori ez baita jarraipenik egiten.

Energiaren Euskal Erakundearen arabera (EEE), Renove laguntza planaren helburua garraioan energia kontsumoaren efizientzia areagotzen laguntzea da, energia gutxiago erabiliz eta era horretan ingurumen inpaktua murriztuz. Laguntzak ez dira ordea auto elektrikoak erosteko soilik, energia fosilak erabiltzen dituztenak (gasolina, diesela, gas naturala,...) erosteko ere egongo baitira diru-laguntzak. Diesela eta gasolinaren kasuan auto berrienek gutxiago kutsatzen omen dute eta horregatik laguntzak jaso ahal izango dira. Eusko Jaurlaritzak agian ez du dieselaren eta kutsadura neurgailuen inguruan auto ekoizleek egindako iruzurren inguruko berririk izan. Eta gutxiago klima aldaketaren aurka erregai fosilak ez erabiltzea derrigorrezko estrategia dela.

Laguntza honek eta atzekoek bultzatzen duten mugikortasun eredua autoa pribatuan oinarriturik dago, eta ez garraio publiko kolektiboan. Ahalik eta errepide gehien eraikitzearen ideiaren osagarria da hau. Eusko Jaurlaritzak ez du mugikortasuna zerbitzu publiko gisa ikusten eta auto saltzaileen elkarteekin adosten du mugikortasun jasangarria bultzatzeko izan beharko liratekeen laguntzak.

Plan honen helburua benetan mugikortasun jasangarriaren norabidean aurrera egitea balitz, ibilgailu elektrikoek erosteko eta behar duten azpiegitura (karga guneak,...) sortzeko erabili beharko lukete diru publikoa, eta ez sektoreak auto kutsatzaileak saltzen jarraitu eta diru publikoz aberasteko.

ELAk defendatzen duen ereduaren oinarriak hauek dira: mugikortasuna gutxitzea, mugikortasuna zerbitzu publiko kolektiboetan oinarritzea eta ibilgailuak elektrikoak izatea. Eta aurrera eraman beharreko politikak, neurriak eta laguntzak norabide honetan joatea exijitzen dugu, eta ez orain arte bezala, lobby lanak egiten dituzten sektore ekonomiko kutsatzaileen mesederako.