MUGIKORTASUNA

Mugikortasuna klase kontua ere bada

2026/05/19
Mugikortasuna klase kontua ere bada
EHUk eta BC3 zentroak egindako ikerketa baten arabera ibilgailu elektrikoen erosketan arrakala soziala dago.

Estatu mailan, ibilgailu elektrikoak diru sarrera handiak, hezkuntza maila altua eta hiriguneetan (batez ere Madrilen eta Bartzelonan) bizi diren etxeetan kontzentratzen dira.

Gaur egun auto elektrikoa mugikortasun jasangarriaren alternatiba nagusi bezala eskaintzen da, baina honen atzean badago negozioa egiteko interesa. Ez da kasualitatea auto hauek nork erosten dituen. Merce Amich ikertzaileak azaltzen duenez, ibilgailu elektrikoak diru sarrera handiak dituztenek, hezkuntza maila altua dutenek eta hiriguneetan bizi direnek erosten dituzte batez ere. Datu berritzaile honek ibilgailuak eskuratzeko garaian dagoen arrakala sozial esanguratsua erakusten dute.

Gainera autoen erosketa dirulaguntza publiko handiak jasoz egiten da (MOVES Planak). Baina begibistakoa da laguntza publikoen eraginkortasun eza. Ikerketak ondorioztatu du gaur egungo laguntza publikoek ez dutela arrakala hori zuzentzen, areagotu baizik. Diru laguntzak baliabide ekonomiko handienak dituzten etxeetara iristen dira batez ere, hau da, laguntzarik gabe ere ibilgailua eros dezaketen pertsonei ematen zaizkie. Diru publiko asko bideratzen ari dira ibilgailu nahiko esklusibo eta garestiak erosten laguntzeko. Gainera, erabiltzaile askok ez dituzte beren ibilgailu zaharrak ordezkatzen, ibilgailu elektrikoa flotara gehitu baizik, eta horrek laguntzen ingurumen eragina ezerezean uzten du.

Mugikortasuna deskarbonizatzeko erronka handia da. Errepideetako garraioa da klima aldaketaren aurkako borrokan erronkarik handienetarikoa, emisioak hazten jarraitzen duten sektore bakarra baita. Estatuko automobil parkea Europako zaharrenetarikoa da eta helburuetatik oso urrun dago: 2030erako 5,5 milioi ibilgailu elektriko lortu nahi diren arren, gaur egun 600.000 baino ez daude (DGTren arabera). Beste herrialde batzuetan prozesu hau askoz hobeto egiten ari direla nabarmentzen du ikerketak. Prozesua hobetu, teknologia hau demokratizatu eta helburu klimatikoak lortzeko, ikertzaileek bi neurri nagusi proposatzen dituzte batez ere: diru laguntzak jasotzeko gehieneko errenta muga bat jartzea, baliabideak premia handiena dutenengana irits daitezen, eta errekuntza-ibilgailu zaharrak nahitaez desegiteko baldintza berriro ezartzea.

Mugikortasuna deskarbonizatzeko neurri nagusia auto elektrikoen salmentak bultzatzea izaten ari da azken urteetan, eta benetako deskarbonizazioaren bidean mugikortasuna gutxitzea dela garrantzitsuena ahaztu egiten zai neurriak proposatzen dituztenei, beti ere merkatuaren mesedetan noski.