NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako aurrekontuek ez dute Gobernuak dioen beste diru bideratzen klima aldaketa politiketara

2024/01/26
Nafarroako Gobernuak 2024rako aurrekontuak onartu berri ditu eta hauekin batera, “Aurrekontuen Klima Aldaketa Perspektiba” txostena argitaratu du. Txosten honetan klima aldaketari aurre egiteko neurrien azterketa egiten du. Baina ez da esaten duten beste diru bideratzen klima aldaketari aurre egiteko politiketara.

Egungo egoeraren larritasuna ikusita, aurrekontu hauek ez dira nahikoak larrialdi honi aurre egiteko. Klima aldaketara bideratutako partida ugari oso eskasak dira. Ingurumen babesari dagokionez, airearen kalitatea kontrolatzeko sarera 450.000 euro inguru bideratu dituzte. Nafarroako BEG emisio kopurua gutxitu beharrean gorantz doala ikusita, aurrekontu hau ez da onargarria. Hondakinen kontrolera are eta gutxiago bideratuko da, 192.000 euro. Ezagutu berri dugu Nafarroak tratatu ezin dituen lixibiatuak jasotzen zituela Gipuzkoatik, eta horrenbestez, hondakinen kontrolerako baliabide gehiago zuzendu beharko lituzkete.

Benetan klima aldaketa geldiarazteko partidetara ordea oso diru gutxi bideratzen da, esaterako, herrietako oinarrizko zerbitzuetara edo eraikinen birgaitzera. Nekazaritza ekologikoa bultzatzeko adibidez, 3 milio euro besterik ez dira bideratzen, klima aldaketari aurre egiteko elikadura burujabetza eta nekazaritza ekologikoa sektore estrategikoak direnean. Enpresetan mugikortasun jasangarria bultzatzeko partidarik ere ez dago, garraioarena klima aldaketa sortarazten duen sektore nagusietakoa den arren.

Txostenaren arabera, aurrekontuetan 151,1 milioi euro bideratu dira klima aldaketa geldiaraztera, 6.355 milioi euroko aurrekontuaren %2,3. Baina ez da egia klima aldaketa geldiarazteko politiketan erabiliko direnik. Txosten honetan aipatzen diren proiektu ugarik kontrako norabidea baitute, esaterako Nafarroako Kanalaren bigarren faseak, nekazaritza industrializatzeko dirulaguntzak, jasangarria ez den erregadio sistemak bultzatzea edota auto gehiago erosteko Moves programa. Hauek ere klima aldaketari aurre egiteko proiektu gisa kontatzen ditu Nafarroako Gobernuak, eta guztiz kontrakoak dira.

Energia berriztagarrien arloan, ez da energia berriztagarria ekoizteko azpiegitura publikorik bultzatzen, autokontsumorako eta enpresentzako dirulaguntzetara bideratzen da aurrekontua, baina sektorearen publifikaziorantz ez da pausurik ematen, ezta energia fosila ordezkatzeko ere.

Trantsizio ekosozialari dagokionez, ELAren aldarrikapen nagusietako bat ekonomiaren birkokapena da, eta honetan ere ez dago aurrerapausurik. Guztiz kontrakoa bultzatzen du aurrekontuak, enpresen sustapenerako 40 milioi euro bideratzen ditu, enpresen nazioartekotzea helburu nagusien artean izanik. Partida hau industria jardueraren eraldaketara bideratu beharko litzateke, planetaren mugak errespetatuz ekoiztu ahal izateko.

ELAk egungo egoeraren larritasuna ikusita, egoerari aurre egingo dioten aurrekontuak exijitzen dizkio Nafarroako Gobernuari; trantsizio energetikoa, industriaren eraldaketa eta ekonomiaren birkokapena benetan bultzatuko dituzten aurrekontuak.