Nafarroako Elikadura Burujabetzaren aldeko Manifestua sinatu du ELAk

2023/01/17
Manifestu honek agroekologian, elikadura burujabetzan eta ekonomia solidario, kooperatibo eta feministan , aniztasunean eta landa eremu bizi baten alde egingo duen gizarte batean aurrera egiteko proposamen zehatzak biltzen ditu.

Azken 5 urteetan, Nafarroako hainbat talde eta GKE (Mugarik Gabe Nafarroa, ARREA, Mundubat eta IPES) elkarlanean aritu dira nekazaritza ekologikoaren eta elikadura subiranotasunaren inguruko kolektiboekin, eragile feministekin, ekoizleen elkarteekin, GKEekin, kontsumo taldeekin eta lurraren defentsan ari direnekin, Nafarroan elikadura burujabetzan aurrerapausuak bultzatzeko.

Lan horren emaitza izan da “ Nafarroako Elikadura Burujabetzaren Erradiografia”. Dokumentu horrek argazki bat eman nahi digu, Nafarroan elikadura burujabetzan oinarritutako eredurantz aurrera egiteko abiapuntua zein den eta, beraz, zer gaitasun dugun erakusteko. Erradiografia horrekin batera, hainbat esparrutako kolektiboen artean egindako Manifestu bat dago, Nafarroan elikadura burujabetzarantz aurrera egiteko proposamen nagusiak biltzen dituena, bereziki administrazio publikoen eskumenei dagokienez.

Nekazaritza ereduen, abeltzaintza intentsiboaren, estentsiboaren eta elikaduraren artean gizartean eztabaida handia dagoen une honetan, Manifestu honek beharrezko jarduera gakoak proposatzen ditu nekazaritzako elikadura sistema berri bat eraikitzeko. Sistema hori agroekologian, elikadura burujabetzan eta ekonomia jasangarri, solidario, kooperatibo eta feministan oinarrituko da, aniztasunean eta landa eremu bizi baten alde egingo duen gizarte batean.

Manifestu honek administrazio publikoetan eragiteko tresna bat izan nahi du, Nafarroan elikadura burujabetza lortzeko bidean. Tokiko erakunde, kolektibo, udal, kontsumo talde, elkarte edo pertsona fisiko ugarik sinatu dute. Manifestuari zure babesa ematea funtsezkoa da manifestu hau eragin politikorako tresna bihurtu dadin.

Sinatu hemen manifestua.

 

Dokumentuak:

Erradiografia 

Manifestua