Nafarroako energia kontsumoaren egoera
Trantsizio energetikoaren beharra ez du inork zalantzan jartzen. Baina trantsizio energetikoa ez da bakarrik energia berriztagarri gehiago sortzea, energia kontsumoa gutxitu eta energia fosilak alde batera uztea ere bada. Hiru pausu hauek ezinbestekoak dira trantsizioa benetakoa izateko.
Nafarroako energia kontsumoaren azken datuak aztertuta, honakoa da egoera:
-
Energia kontsumo gordina %29,3 igo da 2001 urtetik, igoera izugarria da hau, kontsumoaren norabidea murrizketa izan behar denean. Petrolioaren kontsumoa %12,2 jaitsi da, baina gasaren igoera %125,5eko izan da, batez ere Castejongo ziklo konbinatuko zentralen kontsumoagatik.
-
Azken kontsumoari dagokionez (guk zuzenean kontsumitzen duguna etxeetan, lantokietan,...), petrolioa eta gas naturala dira kontsumituenak. 2023an kontsumoaren %71 fosila izan da eta %8 zuzenean kontsumitzen den energia berriztagarria, hau da, autokontsumoa.
-
Elektrizitatearen %55 berriztagarrien bidez sortzen da.
-
Aurreko datuak kontuan izanda, guztira kontsumitzen dugunaren %80 fosila da eta %20 berriztagarria.
-
Sektore ekonomikoei dagokienez, garraioa eta industriaren kontsumoa ez da ari jaisten eta gainontzeko sektoreena baino askoz handiagoa da. Garraioak aurrea hartu dio industriaren energia kontsumoari globalizazioak eskatzen duen gehiegizko mugikortasunaren ondorioz. Batez ere petrolioak mugitzen ditu merkantziak eta hori eragozpen handia da ttrantsizio energetikorako.
-
Elektrizitatearen esportazio datuak esanguratsuak dira Nafarroan. Esportatzen den elektrizitatearen ia kopuru bera ekoizten da Castejongo ziklo konbinatuetan. Eta nafarrek kontsumitutakoaren kopuru osotik oso gertu dago berriztagarriekin sortzen dena. Datu hauen arabera beraz esan dezakegu Castejongo elektrizitatea esportatzeko ekoizten dela batez ere, eta nafarrek ordea ia nahikoa dute dagoeneko ekoizten den elektrizitate berriztagarriarekin. Planifikatzerako orduan energia kontsumo honen araberako berriztagarri kopurua instalatu beharko litzateke. Herritarrek beharretara egokitu behar da sorkuntza eta horrek ziklo konbinatuetako jarduera ia erabat murriztea ahalbidetzen du. Castejongo zentrala ez da nafarrentzat beharrezkoa, negozioa egiteko soilik balio du.
Trantsizio energetikoaren beharrari gehitu behar zaio trantsizioa justua izan behar dela, hau da, pertsonen eta planetaren beharrei erantzun behar diela eta ez multinazionalen irabaziei. Berandu baino lehen elementu guzti hauek jasotzen dituen trantsizio bat planifikatu beharko da, edo trantsizio ez da justua eta onargarria izango.