Nafarroako Gobernuak makroetxaldeak handitzeko baimenak ematen ditu bertako arduradunak kutsaduragatik epaitzen ari diren bitartean

Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaitzen ari dira inguruko lurrak nitratoz kutsatzeagatik. 2021eko otsailean izandako gertaera larriak ari dira epaitzen. Kutsadura Aragoi eta Arga ibaietara iritsi zen orduan, Kontserbazio Bereziko Eremuen babes izendapena duten tokietara hain zuzen. Desagertzeko arriskuan dauden espezieak bizi dira bertan. Bardeako Biosferaren Erreserbatik gertu dauden lekuetaraino iritsi zen kutsadura.
Makroetxaldeak gaur egun 7.000 behitik gora ditu, baita biometanizazio planta bat ere. Planta honetan abereen hondakinez gain, kanpotik ekarritako hondakinak ere tratatzen dituzte, eta instalazio honetatik atera zen kutsadura eragin zuen isuria.
Makroetxaldeak ingurumenean kalteak eragin dituen arren, etxaldeko abelburu kopurua handitzeko baimena eman dio Nafarroako Gobernuak. Erabaki hau, etikoki onargarria ez izateaz gain, legalki ere zalantza asko sortzen dituen erabakia da. Sustrai Erakuntza Fundazioak salatu du abereen zentsua handitzea bateraezina dela abereen etxaldeak erregulatzen dituen 1053/2022 Errege Dekretuarekin.
Abeltzaintza intentsiboa gero eta zabalduago dago lurraldean eta eragiten dituzten kutsadura arazoak ere areagotzen ari dira. Nafarroan orain arte lau eremu zeuden nitratoek kutsatutako eremu gisa izendatuta, azken eguneraketaren arabera ordea, eremu kutsatuak hamabi izatera pasa dira.
Erabaki honek Nafarroako Gobernuak nekazaritza industrialaren alde egiten duen apustua erakusten du.