Nafarroako Hondakinen Legea, beste lurraldeentzat eredugarria

2018/07/23
Ekainean Nafarroako Parlamentuak Hondakinen Legea eta bere Fiskalitatea onartu zituen gobernuan dauden lau alderdien aldeko botoekin eta gainontzekoen kontrako jarrerarekin. Euskal Herrian dugun Hondakin Lege aurrerakoiena eta iraunkorrena da onartu dena eta horregatik gainontzeko lurraldeentzat eredugarria izan behar da.

Hauek dira ezarri diren helburu eta neurri esanguratsuenak:

Helburuak:

  • Berrerabilpena: 2028rako ostalaritzan ontzietan % 70-80 (ontziaren arabera), % 40 uren ontzietan.

  • Organikoa: Hondakin organikoen bilketa selektiboa lurralde osora zabaldu. 2027rako % 70 selektiboki bildu, % 10eko inpropio tasarekin. Konpostajea lehenetsi. Ezin bada konpostatu, biometanizazioa (nahastutako hondakinekin kalitate oso baxua duen konpost hantzekoa egitea).

  • 2027rako berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatuta hondakinak gutxienez % 75a izango dira (papera, metalak, beira, organikoa eta beste hondakin birziklagarriak).

  • 2027rako etxeko eta merkataritzako hondakinen % 25a joango da gehienez zabortegi edo erraustegira (legeak errausketa aipatzen du, nahiz eta kudeaketa planean ez den erraustegiaren eraikuntzarik planteatzen).

Neurriak:

  • 2020rako plastikozko poltsak ematea debekatuko da.

  • 2020rako erabilera bateko edalontzi, plater, erretilu eta tazak saltzea debekatuko da.

  • 2020rako material ez birziklagarriekin egindako dosi bakarreko ontziak ere debekatuko dira.

  • Ostalaritzan bezeroaren eskariz iturriko ura eman beharko da.

  • Administrazioak egingo dituen erosketetan material berrerabilgarrien, birziklagarrien, eta birziklatuen erosketa lehenetsiko du.

  • Obra publikoen exekuzioetan material birziklatuak erabiltzea bermatuko du.

  • Administrazio publikoak espazio publikoetan iturriak jartzea eta ura ontzi berrerabilgarrietan edatea bultzatuko du.

  • Ospitaletan izan ezik, gainontzeko eraikin publikoetan plastikozko ur botilak saltzea ekidingo du.

  • Eraikin publikoetan eta diru publikoa jasotzen dutenen eraikinetan hondakinen planak egin eta aplikatu beharko dira, ontziak gutxitzeko helburuarekin.

Fiskalitatea:

  • 2018ko uztailaren 1etik aurrera (indarrean jada) zabortegietara eta erraustegietara eramaten diren zaborrei zerga jarri zaie, bai entitateei eta bai kudeatzaileei, bai pertsona fisikoei eta baita juridikoei ere. Udaletako tasekin batera ezarriko dira, ez ditu ordezkatzen. Sarrerak Hondakinen Fondora bideratuko dira.

  • Hondakinen fondoa kudeaketa planak eta legeak ezarririko neurriak finantzatzeko erabiliko da. Hondakinen hierarkia bermatzera, helburuak betetzera, ingurumen larrialdiei erantzutera... bideratuko dira fondoak.

Esan dugun bezala, horrelako neurriak gero eta gehiago ari dira ezartzen hondakinen kudeaketa benetan iraunkorra egin nahi den lekuetan. Norabide hau eta neurri hauek dira ELAk exijitzen dituenak erraustegien eredua bultzatzen ari diren tokietan.