NAFARROA

Nafarroako klima aldaketaren egoera

2025/12/01
Nafarroako emisio datuen bilakaera oso kezkagarria da. Gaur egungo emisioak 1990 urtekoekin (emisioen murrizketak kalkulatzeko urte oinarria) konparatzen baditugu, emisio zuzenek (lurraldean bertan ematen direnak, esportatzen den elektrizitatearen emisioak kontuak hartuta) %71 gora egin dutela ikus dezakegu. Datuak oso kezkagarriak dira.

(Deskargatu txosten osoa hemen)

 

 

Datuak sektoreka aztertzen baditugu, hauen bilakaera ere, aipagarria da:

Ez dago beherakada esanguratsurik sektoreetan. Emisio gehien isurtzen dituzten jardueren artean esportatutako elektrizitatearena (%25), industriarena (%24) eta garraioarena (%20) daude.

Garraioa eta industria emisio gehien dituzten sektore ekonomikoak izanik, mantendu egin dira beraien emisioak azken hiru hamarkadetan. Esportatutako energiarena ere aipatu beharrekoa da, nahiz eta sektore ekonomiko bat ez izan. Duela 20 urte martxan jarri ziren Castejongo ziklo konbinatuko zentralen emisioak izugarriak dira, Nafarroan gehin emititzen duen azpiegitura izanik, garraio guztiaren edo industria guztiaren parekoa izatera iritsi dira bere emisioak.

Parisko Akordioa (2015) sinatu eta murrizketa konpromiso garrantzitsuak hartu zirenetik hona gertatu dena aztertzen badugu ordea, egoera are larriagoa dela ikus dezakegu:

Garraio sektorearen etengabeko gorakada izan du azken urteetan. Garraioa batez ere petrolioaren erabileran dago oinarritua eta mugikortasun eredu fosila ez da aldatu azken 10 urteetan. Bestalde, Nafarroan kontsumitzen den energiari dagozkion emisioak jaisten joan diren bitartean, Castejongo ziklo konbinatuko zentraletan gas naturalarekin sortzen den elektrizitateari dagozkion emisioak etengabe egin dute gora, 2016-2022 bitartean %964,9 igo dira.

Parisko Akordioaren arabera, Europar Batasuneko herrialdeek emisioak %30 murriztu behar dituzte 2030erako 1990 urteko emisioak oinarri hartuta. Nafarroan ordea, emisioek %21,9ko hazkundea izan dute Parisko konpromisoak sinatu zirenetik, datuek erakusten dute ez dela neurri eraginkorrik hartu. Esan beharrik ez dago 2030erako %30eko murrizketa konpromisoak ez direla beteko, 1990etik %71ko igoera izan baitute.