Nafarroako Klima Aldaketaren Lege proposamenak ez du klima aldaketari aurre egiteko balio

2021/07/26
Nafarroako Klima Aldaketa Legearen aurreproiektua aurkeztu dute, eta Europako Funtsen itzalean, hauek ezartzen duten norabide bera jarraitzen du: azaleko aldaketak benetan aldatu behar diren arloetan eta diru publikoa enpresa pribatuen proiektu handiak finantzatzeko.

 

Nafarroako Gobernua klima aldaketari aurre egiteko legea prestatzen ari da. Aurreproiektu bat aurkeztu du eta dokumentua aztertu ondoren, ELAk ez du uste lege hau nahikoa izango denik klima aldaketari aurre egin eta gizarteak eta planetak behar duten trantsizio ekologikoa burutzeko, ezta gutxiago ere.

Jakina da klima aldaketa berotegi efektuko gasek (BEG) eragiten dutela , eta beraz, klima aldaketa geldiarazteko BEG emisioak murriztea ezinbestekoa izango dela. Honen jakitun, Europar Batasunak bere klima aldaketa estrategia guztietan emisioen murrizketa sakonak egitera behartuko ditu EBko estatukideak: 2030erako emisioen %55 murriztea eta 2050erako emisioetan neutroak izatea. Eta helburu zorrotzak diruditen arren, ebidentzia zientifikoak eskatzen duena baino eskasagoak dira. Guzti hau jakinik, Nafarroako Gobernuak bere Klima Aldaketa Legean ez du EBren exijentzia maila betetzen eta helburu eskasagoak jartzen ditu: 2030erako %45 murriztea eta 2050erako %80. Eta gainera inongo neurri konkreturik ezarri gabe. Onartezina.

Energia alorrean egin beharreko trantsizioa ere lege honek bere gain hartu behar du. Lege aurreproiektuak berriztagarriak energia kontsumoaren %50a asetzea proposatzen du (2018an %23koa zen). Ez du berriztagarrien bidez energia sortzearen, kontsumo murrizketaren eta energia fosilen erabilera gutxitzearen inguruko helburu eta neurririk aipatzen. Trantsizioa energetikoaren 3 ardatz nagusiak kontsumoa murriztea, berriztagarrietan oinarritzea eta elektrifikazioa izan behar dira, beraz, lege honek ez du egoera aldatuko.

Mugikortasunak ere pisu handia izan behar du klima aldaketa geldiarazteko politiketan, energia fosilean oinarritzen baita pertsonen eta merkantzien garraioaren gehiengoa. Arlo honetan, elektrifikazioa aipatzen da jabetza publikoko hainbat garraiobidetan (autobusak eta zerbitzuetako ibilgailuak), baina ibilgailu pribatuekin zer egin nahi den ez da aipatzen. Gainera, oso garrantzitsua da mugikortasuna murriztu eta garraiobide kolektiboak bultzatzea, gertuko trenbide sarea esaterako, eta ez da honi buruzko neurririk hartzen. Garraioa BEG emisio askoko sektorea izanik, lege honek azpimarra jarri beharko luke arlo honeta, baina ez du inongo helburu eta neurririk proposatzen.

Hutsune handiena hala ere, industria sektoreari aipamenik ez egitean dago. Industria jarduera batzuk kutsatzaileak dira eta sektorearen eraldaketarako hainbat neurri hartu beharko lirateke klima aldaketaren aurkako edozein politika publikoren baitan, garraioarekin eta energia sorrerarekin batera, BEG gehien igortzen dituen jarduera baita.

Legearen aurreproiektua ikusita, tamalez, esan dezakegu Nafarroako Gobernuak ezagutzera eman duen aurreproiektuak ez duela klima aldaketa geldiarazten lagunduko. ELAren ustez lege hauek greenwashinerako aukera gisa ikusten dituzte gure instituzioek. Zoritxarrez, ez dago denborarik galtzeko eta larrialdi egoera honen aurrean neurri zorrotzak eta anbiziotsuak hartu behar dira. Planetaren eta gizartearen onurarako neurriak, ez kapitalari mesede egigo diotenak gainontzekoon miseriaren truke.