Nahi beste arrazoi AHT gelditzeko

2015/05/18
Ekainaren 13an denok Donostiara AHT gelditzeko manifestaziora.

Abiadura handiko trenaren (AHT) gaia sarritan landu dugu buletin honetan, arrazoiak baititugu horretarako. Inoiz hasi behar ez litzatekeen obra bat dela gero eta argiago erakusten duten datuak ari gara ezagutzen etengabe, FEDEAk eginiko errentagarritasun finantziario eta sozialaren txostena esaterako, edo Eusko Jaurlaritzako arduradunek egin dituzten adierazpenak esaterako. Hemen doakizue zerrenda bat informazio berrienarekin:

- Estatuan ez dago AHTrik eraikuntza gastuak ordainduko ditueneik, koste altuagatik eta erabilpen urriagatik.
- Madrid-Iparraldea korridoreak (Euskal Y bere baitan hartzen duena), beste korridoreetan ez bezala, azpiegitura eraikitzearen kostea ez ordaintzeaz gain, linearen esplotazioa berak galerak sortzen ditu. ADIFek, edo kudeaketa beregain hartu nahi duen Eusko Trenbide Sareak, galerak izango lituzke azpiegitura hau gatik.
- Estatuak epe luzera, ez du inbertitutakoa berreskuratuko, eta ginera herritarrok estatuak inbertituriko euro bakoitzagatik zentimo bar gehiago jarri beharko dugu.
- Euskal Y hartzen duena koste aldakorrak, finantziarioak eta sozialak, kitatu ezin izango dituen korridore bakarra izango da.
- Aurrikuspenek esaten dute errepidetik eta hegazkinetik AHTra aldatzen diren bidaiarien kopurua beheraka doala.
- Eusko Jaurlaritzak ez du daturik euskal hiriburuen arteko eskaria zein izan daitekeen esateko, eta ez du aztertu txartelaren prezioa zein izan daitekeen ere.
- Obrak aurrera doaz, gastuak eta gainkosteak pilatzen, oraindik guztia airean dagoen bitartean.
- Trena ez da hasieran esaten zen bezain azkarra izango.
- Europar sarearekin konexioa ez dago ziurtatuta, Frantziak momentuz 2032ra arte atzeratu baitu.
- Bilboko eta Gasteizko sarbideak ez daude zehaztuta eta behin behinekoz gaur egungo trenbideak erabiliko dira.
- Bidaien iraupenak gora egin du obrak hasi zirenetik: Donostia-Gasteiz 55 minutuan hasierako 34 minutuen ordez, Gasteiz-Bilbo 43 minutuan 28 minutuen ordez, eta Bilbo-Donostia 55 minutuan eta ez 38 minutuan. Iraupen hauek ez dute ezberdintasun
haundirik errepide bidezko trafikoarekin alderatuta.
- Polemika dago Gipuzkoa eta Bizkaiko zati askoren atzean gainkoste handien ondorioz, Madril eta Bartzelona arteko trenaren
linean bezala, non duela hilabete batzuk epaitegitik pasa ziren hainbat politikari eta enpresaburu.


Arrazoi hauengatik, eta aurretik azalduriko beste batzuengatik ere, ELAk obrak geldiaraztea eta inondik ere iraunkorra ez den azpiegitura honi diru publiko gehiago ez ematea exijitzen du. Horregatik, ekainaren 13an Donostian egingo den AHTa gelditzeko manifestaziora joateko deia egiten dugu.