Badator #Alternatiba2018!

2018/09/27
Tourra Gipuzkoako hiriburura helduko da urriaren 5ean, `Alda dezagun sistema, ez klima!´ lelopean klima aldaketaren kontra bizikletan 5.800km egin ostean. Ondoren, Baionarako bidea hartuko du martxak, hain zuzen, urriaren 6an eta 7an bertan ospatuko baita Alternatiba eguna 2018. ELAk babes osoa adierazi nahi dio hitzordu garrantzitsu honi eta bertaratzeko deia luzatu du.

Klima aldaketa okerrera doa eta 2015eko COP-21ak ez zituen irtenbiderik eman. Horregatik abiatu zen Alternatiba Itzulia ekainaren 9an Parisetik. Sentsibilizazio eta mobilizazio kanpaina erraldoi honek Europako 5 herrialde zeharkatuko ditu, 200 etapa eta 5.800 kilometro, urriaren 6an Baionan bukatu aitzin. Helburua erronka klimatikoari aurre egin nahi duen gizarte mugimendua suspertzea da, erresistentzia ez biolentoa eta alternatiba lokalak garatuz.

Orain, urriaren 5ean, Donostiara helduko da Alternatiba itzulia, klima aldaketari aurre egiteko Europako mobilizaziorik handiena. Behin Donostiara helduta, harrera beroa egingo zaio Gipuzkoa Plazan 19:00etan. Bertan gaiari buruzko erakusketa izango da egun osoan zehar. 

Urriaren 6an, berriz, itzuliaren iritsierarekin abiatuko da #Alternatiba2018 Baionan. Bi egunez hamaika ekimen egongo dira klimaren aldeko mobilizazio festa handi honetan. 

Urriaren 6an eta 7an, denok Baionara!

Ikusi hemen Baionako egitaraua