Nazioarteko hainbat eragile trantsizio energetikoaren beharraz ohartarazten ari dira ikatzaren erabilera gero eta handiagoa den honetan

2022/10/11
Azken urteko egoera energetikoaren ondorioz, eta batez ere prezioen gorakada eta beste herrialdeekiko menpekotasuna dela eta, erregai fosilen erabileraren gorakada ematen ari dela esan du Energiaren Nazioarteko Erakundeak. FMIk ere ohartarazi du trantsizio energetikoa berehala burutzearen garrantziaz.

Energiaren Nazioarteko Erakundeak aditzera eman du ikatzaren erabilerak gora egin duela. Azken urtean gasaren prezioaren gorakadagatik lehenik, eta Ukraniako gerraren eraginez ondoren, gasaren erabilera gutxitzea erabaki den honetan, elektrizitatea ekoizteko ikatzaren erabilerak gora egin du. 2021an Europar Batasunean ikatzaren erabilera %14 hazi zen, eta 2022an hazkundea %7a izatea aurreikusten da. Herrialdez herrialde ikatzaren erabileraren hazkundea ezberdina da: Alemanian %1a, Polonian %32a, eta Txekiar Errepublikan %11a esaterako. Herrialde bakoitzak egoera honen aurretik garatu duen politika energetikoaren isla dira datu hauek, energia berriztagarrian eginiko apustuak isladatzen dituzte.

Espainiar estatuan ikatzaren erabilera %2tik %4ra pasa da. Azken hamarkadetan ikatzaren bidez elektrizitatea ekoizten zuten zentral termiko ugari itxi dira estatuan, baina egoera honetan, oraindik isteke zeunden zentralekin zer gertatuko den ez dute azaldu.

Ikatzaren erabileraren hazkundea ezezik, nuklearren erabilera areagotzeko asmoak ere azaldu dituzte hainbat herrialdek, Frantziak kasu.

Europak, eta baita Hego Euskal Herriko gobernuek ere, petrolioa eta ikatza alde batera uzteko gasaren erabilera lehenetsi zuen, berriztagarrien aldeko apustua egin beharrean, eta orain, atzera egin behar du. Denbora asko galdu da eta gizartea egungo bezalako egoera larrira eraman dute. Trantsizio energetikoa berriro bideratzeko, beharrezkoa da berriztagarrien aldeko apustu irmoa egitea, segurtasun energetikoa izateko eta menpekotasunari eta larrialdi ekologikoari aurre egiteko.

FMIk (Nazioarteko Diru Funtsak) ere klima aldaketaren aurkako neurriak ez hartzearen kosteez ohartarazi du, trantsizio energetikoa ahalik eta azkarren egin beharraz. Bere esanetan, karbonoan neutrua den gizarte baterako trantsizioak epe motzera hazkunde ekonomikoa geldiarazi eta inflazioa igoko duen arren, neurri hauek ez hartzeak koste horiek biderkatu egingo ditu. “Karbono baxuko gizarte baterako trantsizioa hamarkadez atzeratu izanak, trantsizio leun bat izan zitekeena trantsizio zaila bihurtu du” FMIren ustez. Eta hauek ez dira ELAren hitzak, ezkertiar erradikala izatearen susmorik ez duen FMIrenak dira.

Baina ez gaitezen engaina, FMIk ez du hau esan gizarte osoaren ongizatean pentsatzen ari delako, interes ekonomikoak bakarrik ari da defendatzen. Berea ez da bidezko energia trantsizio bat izango, kapitalismoak bere irabaziak biderkatzeko egingo dutena izango da. Eta hori ez da ELAk bultzatzen duen energia trantsiziorako eredua. Hala ere, trantsizio energetikoa burutzea energia fosilekin itsu-itsuan aurrera egitea baino errentagarriagoa dela baieztatzen du FMIk.

Trantsizioa azkartu beharrean energia fosilen erabileraren gorakada ematen ari dela ikusirik, Greenpeacek arriskutsutzat jo du egoera: berotegi efektuko gasak areagotzen uztea, karbono emisioen eskubideen ordainketa bertan behera uztea (Alemanian eta espainiar estatutan gertatu den bezala), edo etorkizunean gasaren erabilera bermatuko duen MidCat gasbidearen eraikuntza proiektua kezkagarriak dira. Energia fosilen aldeko neurri hauen aurrean eta krisi energetikoaren irtenbide gisa berriztagarrien garapen masibo bat behar dugula adierazi du eragile ekologistak. Baina garapen masibo hau energia berriztagarriak herritarron esu utzita egin behar dela azpimarratu du, hau da, autokontsumoan eta energia komunitateetan oinarrituta. Eta hausnarketa bat proposatzen dute: zein kontsumo energetiko dira behar ez ditugunak? Non murriztu behar da energia kontsumoa planetaren mugekin bat eginez bizitza duina izateko baina oligarka energetikoen dependentziarik izan gabe?

ELAk bere egiten du hausnarketa hau, jakin badakigulako bidezko energia trantsizio bat posible izateko kontsumoaren murrizketa handiak izan behar direla, baina denok ez dugula berdin murriztu beharko. Hasi gaitezen benetan beharrezkoan diren gauzak zeintzuk diren onartzen.