Nazioarteko Konferentzia Río+20ra bidean: Ahalezko mundutik beharrezko mundura (iritzia)

2012/04/12

Konferentzia horretan proposamenak eta eztabaidak aurkeztu nahi izan dira Río+20ri begira. Río de Janeiron egingo den Garapen Jasangarriari buruzko NBEaren Biltzar horrek bi ezbabaida-lerro izango ditu: ekonomia berdea eta gobernantza. Orain dela 20 urte baino okerrago gaude garapen jasangarriari dagokionez. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasunak eta gure lurraldearen barruko desberdintasunak handitu egin dira. Ingurumena ez da babesten, eta egoera gero eta larriagoa da. Ingurumenaren babesa merkatu askearen eskuetan utzi da. Eta aski frogatua da kapitalismoa ez dela konponbidea, arazoaren muina baizik. Agintea bakan batzuen eskuetan dago, eta gizarteak ez du parterik hartzen erabakietan.

Buenos Airesen elkartu ginen ordezkaritzok bat gentozen sistemaz aldatzeko beharrizanarekin. Gure iritziz ekonomia berdea edo kapitalismo berdea ez da konponbidea. Kapitalismoaren bidez ez dugu lortuko justizia soziala, ondasunak bakan batzuen eskuetan geratzen baitira, desberdintasuna eta pobrezia handitzen diren bitartean. Konferentziako partaideok Buenos Airesko Adierazpena sinatu dugu (“Ahalezko mundutik beharrezko mundura”), non besteak beste hurrengo hausnarketak eta eskakizunak biltzen diren:

 

- Kapitalismo globala berrosatzeko asmoak oraingo ekoizpen-ereduaren ezaugarri doilorrak areagotzen ditu, planetaren mugak gainditzea, eta arpilatze-metodoak erabiltzea sustatzen baititu.

- Krisia aitzakia da gobernuentzat eta nazioarteko erakundeentzat, denon ondasunak salgai bihurtzeko: ura, airea, ekosistemak...

- Garapen-eredu horrek eragin zuzena du langileen bizimoduan: langabezia ugaltzea, eskubideak galtzea, eta lan-baldintzak malgutzea.

- Premiazkoa da alternatibak prestatzen aritzea, agerikoa baita hazkunde-politikek ez gaituztela ezinbestez eramango berdintasunera, zoriontasunera eta justizia sozialera. Bestelako bideak urratu behar ditugu, garapena, ekoizpena eta lana hobetze aldera.

- Jasangarritasunaren paradigma berri bat ezarri behar dugu, eta baita pentsatu ere ekoizpenaren eta ugalketaren arteko orekaz, zeren gizakion bizia erdigunean kokatu behar dugu, eta gizonen eta emakumeen artean zaindu.

- Mobilizazio-deia egiten dugu Herrien Gailurra prestatzeari begira, garapenaren norabidea hobeto bideratzearren. Ez da soilik ingurumenaren inguruko kontua, planetaren etorkizuna ere taxutu behar da.

 

Konferentzia horretan sindikatuok eta gizarte-mugimenduek jarraitu beharreko bidea adostu dugu. Herrien Gailurra esparru alternatiboa izango da, Río+20 konferentzia ofizialaren kide. Eta harekin batera mobilizazioak egingo dira mundu osoan, Euskal Herrian ere bai, eta ELA hantxe egongo da. Langileok badugu zer egin eta zer ekarri norabide-aldaketa horretarako. Eta hala egiten ari gara, dagoeneko. Greba orokorra adibiderik onena da. Baina mobilizazioei eutsi behar diegu.