Nazioarteko VII. Topaketa Ekosozialisten antolakuntzan ari da ELA beste eragile batzuekin batera
Gizateriaren biziraupena jokoan dagoen une honetan alternatiba esperantzagarri bat planteatuko duen mugimendu bat behar dugu, eskuin muturrari eta neoliberalismoari aurre egingo diona. Horregatik deitzen dugu giza-duintasunaren alde eta kapitalismo suntsitzaileari alternatiba baten alde borrokatzen duen oro 2026ko maiatzaren 15etik 17ra Bruselan bat egitera, Nazioarteko Topaketa Ekosozialisten VII. Ediziorako.
Urtero, munduko tenperaturaren gorakadak marka berri bat gainditzen du. Urtero, hondamendi klimatikoak biderkatu egiten dira munduan zehar. Biodibertsitateari buruzko COPak geldi daude eta espezieen suntsipen eta desagerpenak jarraitzen du.
Desagerpen hau ez da “Lurraren” efektu natural bat, irabazi gero eta handiagoak bilatzeko lasterketa gero eta amorratuago baten emaitza baizik, “gero eta gehiago ekoiztearen” bidetik aurreranzko ihes suntsitzailea gizakien eta naturaren kaltetan.
Ustezko “kapitalismo berdea” amarru bat da, gobernu neoliberalen politika neokolonial eta austeritatezkoen mesedetarako aitzakia, negutegi efektuko gasen emisioen isurpenak areagotzen jarraitzen duten artean. Ez dago aterabide duinik kapitalari datxekion hazkunde suntsitzailearen logikarekin hausturarik gabe. Ekintzarako denbora ezin da atzeratu, kapitalismoaren kontrolik gabeko trena geratu behar du iraultza ekosozialistak.
“Aurrekontu-zorroztasunaren” eta finantza-merkatuetan kontratatutako zor-publikoen itzuleraren izenean inposaturiko agenda neoliberala, gaur inoiz baino gehiago, ongizate estatuaren suntsipenaren, hondamendi ekologiko eta klimatikoaren eta Hego globaletik Ipar globalera zein langile klaseetatik klase kapitalistetara aberastasun transferentzia masiboen sinonimo da. Logika honek aberastasunaren banaketarako edozein perspektiba oztopatzen du, ezinbestekoak direnak justizia sozialerako eta bidegurutze ekologikorako inbertsio gakoak egiteko.
Uholdeak, lehorteak, suteak, tenperatura jasanezinak… Muturreko fenomeno klimatikoek, gero eta muturrekoagoak, ohikoagoak, bortitzagoak eta hilgarriagoak, planetako pobretuenei eragiten diete lehenik, Hego globaleko herritarrei, eta bereziki emakume*, haur eta adineko pertsonei, batez ere arrazializatu eta indigenei.
Logika extraktibistak gorputzak eta lurraldeak esplotatzen ditu, langileen eskubideak mehatxatzen ditu, lan harremanen prekarietatea eta indarkeria matxista sakontzen ditu, logika honi erresistentzia egiten dioten herritarren aurka zuzentzen den lur-jabeen, enpresa handien eta gobernuen indarkeriaren eskutik, artean herritar indigenak eta emakumeak*, askotan erresistentzia horien lehen lerroan daudenak.
Fenomeno hauek, desjabetze, kapital metaketa eta gutxirentzako urbanizatzeko logikekin egindako lurzoruen erabileraren aldaketari gehituta, landa eremuetako komunitate nekazari eta indigenen desplazamendu behartuak eragiten dituzte, planeta osoan milioika pertsona arrazoi anbientalengatik migratzera behartuz. Herrialde aberatsetako gobernuek soluzio faltsuen garapena babesten dute, greenwashinga eta aurreranzko ihes teknologikoa, eskuin muturrek negazionismo klimatikoa gardenki defendatzen duten artean.
Kapitalaren indar suntsitzaileen aurrean, eskuin muturraren aurrean, berrarmatze orokortu eta gastu militarraren igoerarako politiken aurrean, hala Europar Batasunaren eta NATOren baitan nola Txinan, Errusian eta beste hainbat tokitan, Estatu Batuek munduko herrien aurka edo Errusiak Ukrainan sustatutako gerra inperialisten aurrean, eta Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioaren aurrean, herrien erantzuna jartzen dugu parez pare, gure lanarekin eta gizakiak zein ekosistemak zainduz mundua birarazten dugunona.
Basakeriaren aurrean, hautsi dezagun kapitalismoarekin, kontrajarri dezagun elkartasun internazionalista eta gizarte ekosozialista baterako proiektua.
Dagoeneko mundu osoko hainbat eragile eta norbanakok eman die atxikimendua jardunaldi hauei, baita ELAk ere.
Informazio gehiago: