NBEk 2024rako plastikoak eragindako kutsadura mugatzeko itun lotesle bat idatziko du

2022/03/23
Itun honen edukia material honen bizitza ziklo osoari helduko dion estrategia bat izango da, ekoizpenetik hasi eta ezabatzeraino, diseinutik eta erabileratik pasatuz.

 

Nairobin egindako Batzarrak plastikoen kutsadurarekin amaitzeko ebazpena onartu du. Buruzagi politikoek Nazio Batuen Ingurumenerako Batzarrari (PNUMA) eskatzen diote itun lotesle bat idatz dezala, plastikoak eragiten duen kutsadura material horren bizitza ziklo osoari helduko dion estrategia batekin mugatzeko.

Ebazpenaren arabera, lan talde bat aurten hasiko da lanean, 2024 amaierarako legez loteslea izango den akordio proiektu bat osatzeko helburuarekin.

PNUMAko presidente den Espen Barth Eide norvegiarrak adierazi zuen plastikoaren kutsadura izurrite bihurtu dela. Plastiko bidezko kutsadura 1950ean 2 milioi tonakoa izatetik 2017an 348 milioi tonakoa izatera igaro zen. Batzarraren datuen arabera, plastikoen munduko industriak 522.600 milioi dolarreko balioa du, eta 2040rako kopurua bikoiztea espero da.

Plastikoen ekoizpenaren eta kutsaduraren eraginak hondamendia dira planetaren krisi hirukoitzaren testuinguruan: klima aldaketa, biodibertsitatearen galera eta kutsadura. Gainera, plastikoekiko esposizioak giza osasunari kalte egiten dio, eta eragina izan dezake ugalkortasunean, hormona jardueran, jarduera metabolikoan eta neurologikoan. Plastikoak erretzeak, gainera, airearen kutsaduran laguntzen du.

2050erako plastikoak ekoizteari, erabiltzeari eta ezabatzeari lotutako berotegi efektuko gasen emisioak % 15 izango dira, 1,5ºC helburuaren arabera baimendutako isurien artean. Urtero 11 milioi tona hondakin plastiko iristen dira ozeanoetara, eta hemendik 2040ra hirukoiztu egin daiteke.

Itun lotesle horretan, plastikoen bizi ziklo osoari heltzeko hainbat aukera islatuko dira, eta nazioarteko lankidetza hobetzeko beharrari helduko zaio, plangintza gauzatu ahal izateko teknologiarako sarbidea errazteko. Lortutako ituna, zientzian eta informatutako eztabaida ireki batean oinarrituko da. Batzarraren arabera, ekonomia zirkularrean oinarrituz gero, ekidingo lirateke plastikoen % 80 itsasora iristea, plastiko gordinen ekoizpenaren % 55a eta berotegi efektuko gasen % 25a. 70.000 milioi dolar diru publiko aurreztuko dira 2040rako eta 700.000 lanpostu sortuko ditu Hegoaldeko herrialdeetan.

Plastikoaren erabilera eta bere bizitza erabilgarri osoa arautuko duen lege esparrua aldarrikatu izan dugu beti ELAn. Baina NBEren esparrua ez da esparrurik eraginkorrena premiazkoenak eta beharrezkoenak diren aldaketetarako. Alferrik egindako klima aldaketari buruzko goi bilera guztiek pentsarazten dute esparru hau eta itun hau ez direla eraginkorrak izango. Espero dezagun planetaren eta ingurumenaren onerako, eta bertan bizi garen pertsonentzat, horrela ez izatea.