KLIMA ALDAKETA

NBEk ohartarazi du 1,5 graduko beroketa muga gainditzea saihestezina dela jada

2026/09/21
NBEk ohartarazi du 1,5 graduko beroketa muga gainditzea saihestezina dela jada
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) klima-aldaketaren inguruan argitaratutako azken datuek erakusten dute Parisko Hitzarmenean ezarritako helburua, munduko tenperaturaren igoera 1,5 °C-ra mugatzea, ezin dela jada lortu.

 

NBEren Ingurumen Programak plazaratutako Limiting Overshoot txostenaren arabera, egungo berotegi-efektuko gasen igorpen-mailak mantenduz gero, langa hori datozen urteetan gaindituko da. Hala ere, zientzialariek eta erakundeek estrategia berri bat proposatu dute epe luzera egoera bideratzeko: gainditu, goia jo eta itzuli.

Txostenaren arabera, 1,5 °C-ko muga ez gainditzeko munduak 130 mila milioi tona CO₂ besterik ez zaizkio geratzen erretzeko. Kontuan izanik urtero 40 mila milioi tona inguru igortzen direla atmosferara, atalase hori hiru urte ingururen buruan gaindituko da, eta bero errekorren ondoren, hamarkada honen amaierarako muga horren gainetik egongo gara seguruenik.

Honezkero, biderik baikorrenean ere, tenperaturaren igoera 1,8 °C ingurura iritsiko da mende honetan. Egungo politikekin, ordea, berotzea 2,6 °C-raino joan daiteke. Hori dela eta, helburu berria tenperaturaren gailur hori ahalik eta baxuena eta laburrena izatea da NBEeren ustez (gainditu, goia jo eta itzuli ), mende amaierarako berriro 1,5 graduko mugara itzuli ahal izateko.

Langa hori gainditutako urte bakoitzak muturreko klima gertakarien arriskua biderkatuko du. Gizakiok eta ekosistemek bero bolada handiagoak, glaziarren urtze azkarragoa eta itsas mailaren igoera pairatuko ditugu. Ondorioz, ur eta elikagaien horniduran arazo larriak sortuko dira mundu osoan. Egokitzapen neurriak beharrezkoak izango diren arren, muga argiak izango dituzte tenperaturaren gailurra kontrolatzen ez bada, kalte batzuk atzeraezinak izango dira.

Urteetako abisu zientifikoak gora-behera, herrialdeen konpromisoek ez dituzte igorpenak behar bezain azkar txikitu. NBEk gogorarazi du klima-aldaketaren kalte latzenak komunitate zaurgarrienek pairatuko dituztela, nahiz eta haiek izan berotze globalaren erantzule txikienak. Hori dela eta, politika eta finantzaketa justuak, solidarioak eta multilateralak eskatu ditu.