Orain Ardura manifestua izenpetuz AHTra doan dirua benetako beharretara zuzentzeko exijitzen du ELAk

2020/05/26
Orain Ardura manifestua izenpetuz AHTra doan dirua benetako beharretara zuzentzeko exijitzen du ELAk
Gaur aurkeztu den Orain Ardura manifestua babestu du ELAK, AHTren lanak bertan behera utzi eta azpiegitura honetan xahutzen ari den dirua krisialdi honetatik ateratzeko behar diren benetako neurrietan erabili dezatela eskatzen die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari.

Manifestuaren ildo eta aldarrikapen nagusiak hauek dira:

 

Sufrimenduz beteriko aste gogorren ondoren, non milaka senide hil diren erabateko bakardadean, non gure osasun-langileek dena eman duten lan-baldintza kaskarretan, non adinekoen egoitzetako langileek ahal izan duten guztia egin duten haiek zaintzeko, non ez den arnasgailurik egon behar izan duten gaixo guztientzat, non milioika test eta babes-ekipo falta izan diren…; hain egoera zailen aurrean, jendartearen portaera eredugarria azpimarratu nahi dugu, elkartasun eta elkar babeserako hamaika ekimen aurrera eraman direlarik.

Ezinbestekoa da adreiluan eta hormigoian oinarritutako iraganeko politika ekonomikoak aldatzea eta atzean uztea. Jendartea erantzunkizun handiarekin jokatzen ari da krisi larri honetan eta berak markatzen digu jarraitu beharreko bidea. Horregatik, etorkizun zalantzagarriaren aurrean, erakundeei iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta ardurarekin jokatzeko eskatzen diegu.

Horregatik, manifestu hau sinatzen dugun pertsona, elkarte, sindikatu eta gainerako erakundeok AHTren proiektuak gelditzeko eskatzen diegu erakunde eta administrazio publikoei.

Espainiar estatua milioi biztanleko abiadura handiko tren kilometro gehien duen estatua da baina azken lekuan dago erabilerari dagokionez. Euskal Y-an eta Iruñea eta Castejon arteko lanetan ia 5.000 milioi euro gastatu dituzte dagoeneko. Gainera, beste proiektu batzuk mahai gainean daude. Guztira, 15.000 milioi euro inguruko kostua izango luke aurrekontuan jasotako guztia eraikitzeak. Nafarroako Ospitale Konplexuko Laborategi Bateraturako eraikina AHTren 656 metroko kostuaren baliokidea da eta duela urte eta erdi inauguratu zen Eibar bezalako 32 ospitale eraiki litezke.

Gobernuek AHTa bezalako azpiegitura handietan inbertsio ikaragarriak egiten dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira hainbat oinarrizko gaietan, hala nola, osasunean eta zerbitzu sozialetan. Hori dela eta, hainbat asteetan zehar, ospitaleak gainezka ikusi ditugu, txandak bikoizten dituzten osasun-langileak, hiltegi bihurtutako eta abandonatutako adinekoen egoitzak...

Orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da pertsonen bizitzari eta elkarren zaintzari eusteko beharrezkoak diren lanpostuen garrantzia azpimarratzea. Lanpostu horiek, nagusiki, emakumeek betetzen dituzte. Gure kasuan, osasunean edo zerbitzu sozialetan lan egiten duten pertsonen %75 emakumeak dira.

Gaur egungo egoeran, AHTren obrek aurrera jarraitzen dute, pertsona guztientzako bizimodu duina izateko zerbitzu publikoak bermatu beharrean. AHTren obrak berehala gelditzeko eta proiektu berriak atzera botatzeko eskatzen dugu. Herri, hiri eta industrialdeak ongi komunikatzen duen tren soziala izateko, gaur egungo trenbideak hobetzea eta mantentzea proposatzen dugu. Pertsonak zein merkantziak garraiatuko duen tren bat nahi dugu, lurraldean gune isolaturik utziko ez duena eta edonorentzat ekonomikoki eskuragarria dena.

Arrazoi hauengatik, AHTrako inbertsio ekonomiko guztia oinarrizko eta lehentasunezko beharretarako erabiltzea eskatzen dugu, hala nola, behar adina langile eta baliabide dituen osasun sistema publikoa, adinekoei eta menpekoei laguntza emateko, bidezko pentsioak, diru-sarrerarik gabeko pertsonak, krisi ekologikoari (klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera, kutsadurak…) buelta emateko gai diren eredu ekonomiko berriak, tokiko ekoizleentzat, elikadura burujabetza, hezkuntza, zerbitzu sozialak, zainketaren baloraziorako, Covid-19 krisiaren ondorioz oso kaltetuta suertatzen ari diren saltoki txikiei, ostalaritzari edo kultura munduari laguntzeko…

 

Irakurri manifestu osoa hemen.