Parke eoliko handien hedapena ez da ELAk defendatzen duen trantsizio energetikoaren eredua

2021/05/13
Nafarroan eta EAEn garatu nahi diren parke eoliko handien proiektuen aurrean, ELA ados dago proiektu horietarako moratoria eskatzearekin. Birdimentsionatu egin behar dira, jendearen beharrei irtenbidea emateko, eta ez energia konpainia handien irabazi goseari erantzuteko.

Egungo hazkunde ereduak, irabazien eta kontsumoaren gizarteak, baliabideen xahutzaile eta berotegi efektuko gas emisioen sortzaile denak, planeta itzulerarik gabeko puntu batera darama. Klima aldaketaren ondorio konponezinak saihesteko, aurrekaririk gabeko trantsizioa behar da.

Testuinguru horretan, trantsizio ekologiko eta energetikoa energia berriztagarrien azpiegituren hedapen zabalean oinarrituta planteatzen ari da. Mota horretako proiektuen garapena masiboa eta eskala handikoa izaten ari da mundu osoan, eta Nafarroak eta EAEk ez diote joera horri ihes egiten.

Erriberako, Lesakako, Lizarrako (Urbasa-Andia), Lizoain-Arriasgoitiko, Esteribarko, Olaibarreko, Ezkabarteko, Eguesko Haraneko, Anotzibarko, Erdialdeko Eremuko (Valdorba, Ujue, Murillo el Fruto, Tafalla, Artajonako) parke eolikoak eta eguzki-poligonoak Erreniaga, Erriberrin,… Ahaztu gabe Erribera osoan han-hemenka egin nahi dutenak.

Lesakan, Urbasa-Andian, Esteribarren, Olaibarren, Ezkabarten, Eguesko Haranean, Valdorban, Ujuen, Tafallan, Artaxoan, Erriberan... EAEn ere bai: Iturrieta, Azazeta, Arkamo eta Labraza.

Azpiegitura handi horiek diseinatuta dauden bezala, nekez geldiaraziko dituzte arazo klimatikoak. Trantsizio energetikoak, ekologikoki eta sozialki eraginkorra izan dadin, ezin ditu alde batera utzi energia berriztagarrien inguruan nahita ezkutatzen ari diren zenbait datu:

  • Aldizkakoak dira eta ez daude kontzentratuta; beraz, azpiegitura askoz gehiago instalatu behar dira beharrezko energia ekoizpena lortzeko.

  • Oro har, berriztagarriek elektrizitatea ekoizten dute. Nafarroan, kontsumitutako energia guztiaren % 20 suposatzen dute berriztagarriek, eta EAEn, berriz, %12 baino ez. Gainerakoak fosil jatorrikoak dira. Horrek esan nahi du ekonomia berregituratu behar dela, eta hori ez dela planifikatzen ari.

  • Lehengaiak erauztearen mende daude oraindik ere, eta horiek inportatu egin behar dira; horietako asko urriak dira, energia asko behar da eta ingurumen inpaktu handia eragiten dute.

  • Azpiegitura hauek garatzeak presio berria eragiten du lurraldean, lur eremu handiak behar baitira, eta inpaktu larriak eragin ditzakete nekazaritzan, paisaian, biodibertsitatean, ekosistemetan eta beste alderdi askotan.

 

Horregatik uste dugu trantsizio teknologiko soila ez dela nahikoa berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko. Berriztagarriak ez dira nahikoak gaur egun kontsumitzen dugun energia kantitateaz hornitzeko. Ezinbestekoa da ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzea. Beharrezkoa da gehiegizko kontsumo horri modu planifikatu eta demokratikoan aurre egitea, edo bestela errealitate gordina inposatu egingo da eta kontsumoa murriztu egingo da, indarrez eta plangintzarik gabe. Eta hau ez da trantsizio justua izango.

Horregatik, uste dugu trantsizio ekologikoa ezin dela teknologia fosilen ordez teknologia berriztagarriak erabiltzean geratu. Gure apustua kontsumo zentroetatik hurbil dauden instalazio berriztagarri txikietan banatutako eta deszentralizatutako sorkuntza da, garraio galerak murriztuz, eraginkortasun energetikoa hobetuz eta energia kontsumoa murriztuz.

ELAn uste dugu garrantzitsua dela etorkizun justuago eta iraunkorrago baterako behar dugun energia ereduari buruz hausnartzea, horregatik babesten ditugu mugimendu sozial eta ekologistak eskatzen ari diren moratoriak.

Kolektiboki pentsatu eta erabaki behar dugu ea gizarte gisa ingurumen eta gizarte balioak gailentzea nahi dugun interes ekonomikoen aurrean; ea gure ohiturak, kontsumoa eta bizimodua aldatuko ditugun; ea herritar gisa parte hartu nahi dugun gure energia sortzeko prozesuan, udal eta herri boterea indartuz, edo, kontsumitzaile soil gisa jarraituko dugun, oligopolio energetikoa jabe den eredu zentralizatu baten menpe.