Pasaiako kanpoko portua ez da beharrezkoa (iritzia)

2009/10/13

Pasaiako kanpoko portuaz luze eta zabal hitz egin da azkenaldi honetan, baina esan den guztia ez da egiazkoa. Pasaiako Portu Agintaritzak, beste erakunde batzuen laguntzaz, kanpaina bati ekin dio, herritarrak nahasteko asmo bakarra duela.

- Ez da ekologikoa. Diotenez Jaizkibelgo babesgunea hobeki zainduta egongo da portua eraiki eta gero, baina ez dute esaten itsasoko ia 200 hektarea lurrez beteko dutela. Beste argudio ekologiko bat energia berriztagarriko plataformak dira, baina esan gabe gordetzen dituzte zentral termiko berria, koke-planta, eta CO2-ko lurrazpiko biltegia. Eta “ekoportu”ko salgaiak lehen bezain zikinak izango dira, soilik salgai garbiak erabiliz ez litzateke errentagarria izango. Oraingo portuak ingurumen-kalte handiak eragiten ditu, baina kanpoko portuarenak are larriagoak izango dira.

- Ez du enplegurik sortuko. Proposatzen diren jardueren ondorioz ez da enplegu gehiago sortuko. Portuko trafikoa gutxiagotuz doa urtez urte. 2003tik hona %20 gutxitu da, eta 2009an beheraka joaten jarraitu du. Aurreko aurreikuspenak ez dira bete, zergatik bete behar dira 2020ra begira orain egin direnak? Ez litzateke hobea izango eskualdeko zerbitzu publikoetan eta bizi-kalitatean inbertitzea?

- Ekonomiaren aldetik ez da bideragarria. Finantzaketaren zati handi bat oraingo portuko lursailak salduz lortu nahi dute. Etxegintzaren krisian bete-betean murgildurik (!). Gainera, horrela ireki nahi diote badia jendeari? Eskaintzailerik onenari lurra salduz? Kanpoko portua badia berroneratzeko aukera bakarra bailitzan erakusten dute, baina portuko erabilerak berrantolatu daitezke, eta dagoen lekua hobeto baliatu. Aukera hori ez dute kontuan hartu, eta aukerarik txarrenaren alde agertu dira.

- Proiektu horrek ez du sinesgarritasunik. Orain direla egun batzuk, Buen jaunak, Pasaiako Portuko Agintaritzaren buruak, esan zuen zenbait jarduera ez zutela kanpoko portura aterako, eta portua bi fasetan egingo zela, baina edonola ere portuko eraginkortasuna, lehen unetik, erabatekoa izango zela. Orduan, zertarako egin bigarren fasea? Eta gaineratu zuen kai-muturraren luzera laburragoa izango zela, eta portua 200 metro ekialderantz aldatuko zela. Eta hori gutxi balitz bezala, finantzaketa bilatzearren Madrilgo abokatu-bufete bat kontratatuko zutela iragarri zuen. Ez zuten esaten, bada, bideragarritasun ekonomikoa erabat frogaturik zutela?

- Zalantzak ez dira gutxi. Garbi daukagun gauza bakarra benetako negozioa zertan den da: portua eraikitzea. Hortik aurrera berdin die non edo nola. Tamalez, ezertarako balio izan ez duten makro-obra asko ikusi ahal izan dugu.

Proiektu horren aurka gauden elkarteak asko gara. Aurreko beste hainbatetan bezala, ez da eztabaidarik izan proiektuaren beharrizanaz edota dauden aukerez, eta uko egin diete herritarrei erabakitzeko eskubidea.

Horregatik guztiagatik ELAk eskatzen du kanpoko portua ez eraikitzeko, dauden aukerei buruzko eztabaida irekitzeko, eta eskualdean benetan dauden gizarte-beharrizanak ere mintzagai izateko.