Petronorrek bere irabaziak langileen eta herritarren osasunaren gainetik jarri ditu berriro ere
Petronorren findegian otsailaren 26an tanke batean izandako matxurak bentzenoa eta beste konposatu toxiko batzuk atmosferara isurtzea eragin zuen. Herritarrei berandu eman zitzaien etxean konfinatzeko agindua, eta langileek (zuzenean kontratatutakoek zein azpikontratakoek) lanean jarraitu zuten informazio argirik gabe, aparteko babes neurririk gabe eta kutsatzaile horien aurrean benetako bermerik gabe.
Etengabe izaten diren gertaera eta istripuen aurrean ELAk salatu du langileek eta herritarrek duten informazio falta, eta baita enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera, gertaera hauek normalizatzen baitituzte eta ez baitute inongo neurririk hartzen, langileen eta herritarren osasuna eta segurtasuna behin eta berriz arriskuan jartzen den bitartean.
Eskualdeko herritarrak mobilizatu egin dira beraien egoera salatzeko eta ELAk bat egin du herritarren ezinegonarekin eta aldarrikapenekin. Onartezina da askotan errepikatzen ari den egoera honen aurrean administrazioak beste aldera begiratu eta neurririk ez hartzea.
Egoera honen aurrean ELAk Eusko Jaurlaritzari ikuskapenen maiztasuna handitzea eta Petronorri berehala neurriak hartzea exijitzen die, herritarren eta langile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko.