Planeta eta enplegua, ezin bereizi daitezkeen aldarrikapenak

2019/05/06
Apirilaren 22an Lurraren eguna izan zen eta Maiatzaren 1ean Langileon eguna. Bi data eta bi borroka elkar uztartuta daudenak sarritan aurrez aurre jartzen badituzte ere, interes kontrajarriak izango balira bezala. Ez da horrela, ordea; izan er e, ingurumena defendatzea lana defendatzea ere bada.

Baina nola eraman hau enpresetara? Langileon ordezkariek lan egoeraren berri izan behar duten bezala, enpresaren ingurumen egoerari ere adi egon behar dira. Horretarako ezinbestekoa da iniziatiba hartzea eta arazoak agertu arte zain ez egotea, alegia, garrantzitsua da aurretik enpresaren ingurumen egoeraren informazioa exijitzea eta edukitzea.

Baina informazioa izatea ez da hain erraza, enpresak trabak jarri diezazkigu informazioa ematerako garaian, nahiz eta horretara behartuta dauden. Hiritar orok dauka ingurumen informazioa izateko eskubidea, baita lan arloan ere. Enpresatan dauden delegatuek enpresaren ekoizpen jarduerarekin erlazionatutako ingurumen informazioa izateko eskubidea dute informazio, kontsulta eta konpetentzien inguruko Langileen Estatutuko 64. artikuluaren arabera: "Enpresa komiteak hiruhilero informatua izateko eskubidea du: (...) Enpresaren egoera ekonomikoa eta bere jardueraren momentuko eta etorkizuneko eboluzioari buruzko informazioa, lanpostuetan eragin zuzena izan dezaketen ingurumen jokabideak barne, eta baita ekoizpen eta salmentetan eragina izan dezaketenak ere, ekoizpen programa barne (...)”. Enpresa bakoitzeko ingurumen informazioa izatea ezinbestekoa da ingurumen arloan enpresaren jarraipena egiteko. Ezinbestekoa da pausu hau ematea garapen eta ekoizpen ereduaren aldaketaren eta ekoizpen garbiago baten alde lan egiteko, orain sekula baino beharrezkoagoa da aldaketa.

Azken urte hauetan geroz eta kezka handiagoa daukagu gaur egungo kontsumo ereduak sortzen dituen arazoen gainean. Kezka hau daukagun ekoizpen eta garapen eredura ere zabaltzen da. Gaur egun ingurumenarentzat arazo handiak dira hondakinen gehiegizko sorrera, hondakin arriskutsuen kontrol gabeko isurketak, uretara eta airera egiten diren emisio kutsatzaileak... Eta nahiz eta enpresek bete beharreko ingurumen legedia izan, ez da beti betetzen, eta gure lana da legea betetzea exijitzea.

Ingurumen legedia ez betetzeagatik enpresari zigor larriak jartzeko arriskua dago, eta horrek enpleguan ondorioak izan ditzake. Zigor administratiboak ezberdinak dira, isunetatik hasi eta enpresaren itxiera arte iritsi daitezke. ELAko ingurumen ataletik langileak informatzen eta kontzientziatzen ari gara ingurumenaren defentsan inplikatu daitezen, azken finean, enpresan ingurumena defendatzea enplegua defendatu eta mantentzea baita.