Rio+20, iragarritako beste porrot bat (iritzia)
Rio+20 Gailurra baloratzeko hitz bakarra porrota da, 20 urte baino gehiagoko atzera pausua eman da. Sinatutako dokumentuak ez du ezer konkreturik, eta ingurumenaren babesa eta emakumeen erreprodukzio eskubideen alorrean atzerapenak izan ditu.
Ez da inongo neurri eta konpromisorik hartu justizia soziala eta ingurumenekoa hobetzeko, ezta ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko, pobreziarekin bukatzeko babes sozialerako gutxieneko bat onartzeko, ingurumen krisiari aurre egiteko soluzio faltsuak baztertzeko, finantza transakzioen tasekin kapital handiei mugak jartzeko... Guzti hau “pertsonak garapenaren oinarri direlako eta mundu justua, bidezkoa eta barneratzailea lortzeko egiten dutela” diote. Lotsagarria.
Bilera alternatiboak ere egin dira Rion, eta ELA bertan egon da, Justizia Sozial eta Ingurumenekoaren aldeko Herrien Gailurrean, Nazio Batuek proposaturiko Ekonomia Berdeari aurre egiteko antolatua. Ekonomia berdea enpresentzat negozioa egiteko bide berri bat da, mozorrotutako kapitalismoa, sufritzen ari garen krisi sistemikoa areagotuko duena.
Sindikatuak, nekazariak, ekologistak, indigenak, emakumeak eta beste hainbat talde ados jarri gara krisi ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren eragileak eta ekonomia berdeak planteatzen dituen soluzio faltsuak salatzeko. Denon artean deklarazio bateratu bat adostu dugu, etorkizunerako hausnarketak eta alternatibak jasotzen dituena. Krisi honetatik irteteko ekonomia kooperatibo eta solidarioa behar dugu. Ekoizpen, banaketa eta kontsumo paradigma berri bat, eredu energetikoa aldatzea eta elikadura burujabetza:
- Giza eskubide, natura eta ondasun komunen defentsa.
- Trantsizio justu bat. Lanaren kontzeptua zabaldu, emakumeen lana aitortu, eta produkzioaren eta erreprodukzioaren oreka ekarriko duena. Antolatzeko askatasuna, negoziazio kolektiborako eskubidea eta gizarte segurantza sare zabal bat bermatuko ditu giza eskubide gisa ulertuta.
- Herriek erabaki behar dute zertarako eta zeinentzat bideratuko diren ondasun komunak eta baliabide energetikoak; ekoizpenaren kontrol demokratiko eta herrikoia eskuratu behar da.
- Energia berriztagarrietan oinarrituriko eredu berria, herritarren hornikuntza energetikoa bermatuko duena eta ez enpresa handiena.
- Feminismoa berdintasuna eraikitzeko erreminta. Emakumeek beraien gorputzengan eta sexualitatean duten autonomia eraikitzeko eta indarkeriarik gabeko bizitza bermatzeko.
- Aberastasuna eta diru sarreren banaketa, arrazakeriaren kontrako borroka, lurra izateko eskubidea, ingurumen osasuntsua eta ura izateko eskubidea, hezkuntza, kultura, adierazpen askatasuna, eta komunikabideen demokratizazioa premiazkoak dira.
Alternatiba hauek dira martxan jarri beharrekoak, ez gobernuek aplikatzen dituzten murrizketak, krisia areagotu besterik egiten ez dutenak. Sistema kapitalistari, bere kopia berdeari, eta murrizketei aurre egiteko oinarriak jarri dira Rion. Orain hemen bakoitzak bere arloan hau landu behar du eta kalera irten behar dugu alternatiba hauek errealitate bihur daitezen.