Rio+20rako bidean gaude, orain da momentu! (iritzia)

2012/05/24

Ingurumena eta Garapen Jasangarriaren inguruko Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Goi Bilera, 1992an egin zen Rio de Janeiron (Brasil). Ingurumenarekin loturiko goi bilera internazionalen abiapuntua izan zen. Momentu hartan eztabaidarako gaiak ekoizpena, energia, garraioa, kutsadura eta ura izan ziren. Ikuspuntu ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa integratuko zituen garapen jasangarriaren oinarriak ezarri ziren. Goi bilera hartatik irten zen Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen Konbentzioa, geroago Kiotoko Protokoloa bertatik irtengo zena; baita Agenda21 programa ere.

20 urte pasa dira eta ekainean beste goi bilera bat ospatuko da, dagoeneko Rio+20 bezala ezagutzen dena. Azken bi hamarkadetan injustizia sozialari aurre egiteko ekimen faltak itxaropena zapuztu du eta NBEk zuen entzutea galdu du, eta baita estatu askotako gobernuek ere. Ingurumenak azken 20 urteetan izan duen garapena guztiz negatiboa da. Horregatik proposamen eta alternatiba berriekin egin behar dugu aurrera, benetako justizia soziala eta ingurumen justizia suposatuko duena.

NBEren goi bilera ofizialerako aurreikusten den gai zerrendan “ekonomia berdea” deritzana da gai nagusia, baina badakigu hau makillaje hutsa dela, negozioa egiteko beste modu bat dela; ekoizpen eta kontsumo eredu kapitalistak eragin duen eta planetak sufritzen duen krisi globalari aurre egiteko irtenbidea ez dela badakigu. Eta makillaje on denek bezala gustatzen ez zaiguna tapatzen du. Arazoaren muinera ez joateaz ez ezik, soluzio gisa aurkezten duten eredu ekonomiko berde horrek, herrialde industrializatuen garapen eta hazkundeak beste herrialdeetan eragiten dituzten kalteen ardura ez du bere gain hartzen.

Horregatik Rio de Janeiron ekainaren 15 eta 23 bitartean egingo den “Justizia Soziala eta Ingurumen Justiziaren aldeko Herrien Goi Bilera” alternatiboa izango da hondamendira garamatzan sistema honi aurre egiteko benetako irtenbideak eskainiko dituen foroa. Foro honetan gizarte mugimenduek eta izaera ezberdineko hainbat eragilek parte hartuko dute, baita ELAk ere, oraingoan berdez jantzi den kapitalismoaren makinaria ankerrari aurre egiteko.

ELAk krisi global honen aurrean betiko errezetak, krisira eraman gaituztenak, gaitzesten ditu. Orain arte gure buruari bakarrik begiratu diogu, kontuan izan gabe beste herrialdeek gure garapena eta hazkundearen ondorio txarrak sufritzen dituztela. Normalean herrialde pobreetaz hitz egiten dugu beraietaz hitz egiterakoan, baina agian geuk pobretu ditugun herrialde bezala ikusten hasi beharko gara. Badaude alternatibak eta orain da momentua hauek martxan jartzeko, bestela beranduegi izango da denontzat.

Benetako justizia soziala lortzea, eta pertsonen eta ingurumenaren arteko oreka berreskuratzea ahalbideratuko duten alternatibak bilatu eta exijituko ditugu, beste edozerk amildegirantz gerturatzea suposatuko bailuke.