Sektore energetikoa genero ikuspuntutik

2018/07/25
Ekainaren 28 eta 29an EHUko udako ikastaroen barruan trantsizio energetikoaren inguruko ikastaroa izan zen. Ikastaro honetan trantsizio energetikoa ikuspuntu ezberdinetatik aztertu zen, esaterako burujabetza, eraginkortasun energetikoa, enplegua edo genero ikuspuntua. Azken hau da berritzaileena, buletin honetan ez baitugu inoiz aztertu.

Energia ereduak emakumeengan duen eragina azaldu zen:

  • Pobrezia energetikoa.

  • Energia ez da oinarrizko beharrizan gisa hartzen eta espekulazioaren esku dago.

  • Gatazka armatuak eragiten ditu, eta ondorioz sexu abusu egoerak ere bai.

  • Herrialde pobreenetan dauden industria erauzketa industrien handien inguruan pobrezia eta prostituzioa sortzen da.

  • Mega-proiektu energetikoek giza eskubideen urraketak dakartzate. Proiektuon aurka eta komunitateen alde borrokan ari direnak emakumeak dira batez ere, eta beraien bizitzekin ordaintzen dute (Berta Caceres, besteak beste).

Krisi ekonomikoaren eta pobrezia energetikoaren eraginak aztertu ziren, batez ere emakumeek sufritzen dituztenak:

  • Babes soziala gutxitzea: sektore publikoa murriztea.

  • Lan eskubideak murriztea eta denbora partzialeko lanaldia areagotzea.

  • Berdintasun politikak geldiaraztea.

  • Krisiaren eragina eremu pribatuan emakumeek arintzen dute.

  • Pobrezia energetikoak emakumeen ahultasuna areagotzen du, eta bere osasuna eta oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen ditu.

  • Klima aldaketak eremu feminizatuetan du eragina batez ere: nekazaritza, iraupen ekonomiak, ur edangarria eskuratzea, migrazioak, ...

Ikus daitekeen bezala, eraginak mundu osoan eta bizitzako eremu askotan sufritzen dira. Eta batez ere emakumeak dira eragin hauek sufritzen dituztenak, beraiek dira beraien lurrak eta gorputzak suntsitzen dituen sektore energetikoaren aurka borroka gehien egiten dutenak.