Solokoetxe SOS: Estatuko erradiazio maila altuenak dituen eskola

2015/03/16
Solokoetxe eskola publikoa Bilboko Alde Zaharrean dago kokatua, honaino ezer ez da harritzekoa. Eta 40 metrora 13 telefonia antena dituela esanez gero?

Ba batzuk jada gehiago harritzen gara, Europako Kontseiluaren 1815 Ebazpenak kutsadura elektromagnetikotik bereziki babestu behar diren eremu sentsibletzat baititu eskolak. Kanpoan 0,1uW/cm2 eta barruan (eskoletako geletan esaterako) 0,01uW/cm2 erradiazio mailatik ez pasatzeko gomendioa egiten du. Solokoetxeko ikasleek sufritzen duten erradiazio elektromagnetikoa 12uW/cm2 da, europar kontseiluko osasun gomendioak baino ehunka aldiz altuagoa. Penintsulako erradiazio maila altuenetakoa du ikastetxeak. Egoera honen aurrean ezinezkoa da beste alde batera begiratzea.

Ebidentzia zientifiko nahikoa dago kezka izateko. Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) 2011tik erradiazio hauek minbizia sortu dezaketen eragileen zerrendan sailkatuta ditu. Bioinitiative mega-ikerketa zientifikorako eginiko 4.000 azterketa baino gehiagok, 2008 eta 2009ko Europako Parlamentuko ebazpenek, Europako Ingurumen Agentzia eta Europar Kontseiluko Asanblada parlamentarioaren 1815 Ebazpenak, lobbie industrialekin zerikusirik ez duten zientzialari espezializatuen gomendioak jasotzen dituzte. EAEko Parlamentua ere 1815 Ebazpenera atxiki zen.

Eskola honetako gurasoak denbora asko daramate beraien sema alabak babesteko borrokan. Askotan eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari zentroa apantailatzeko, erradiazio maila altuari aurre egiteko neurri babesle gisa. Horrela egin zen Gasteizko Ibaiondo eskola publikoan, eta Solokoetxek baino erradiazio maila baxuagoa zuen. Horregatik da harritzekoa kasu honetan ere gutxienez neurri berberak ez hartzea. Hezkuntza Sailak hasiera batean eskola apantailatuko zuela agindu zuen, baina gero atzera bota zen, arrazoirik eman gabe. Baina EAEko Parlamentuak dagoeneko 23.000 euroko partida bat zuen onartua lan horiek burutzeko. Nora joan da diru hori? eta zertarako erabiliko da?.

Arazo honen funtsean telekomunikazio konpainia handien interesak daude. Komeni zaien lekuan jartzen dituzte antenak, kalterik egiten duten axola gabe. Oraindik larriagoa da Bilboko Udalak duen jarrera, edo jarrera falta, bere esku baitago europako osasun gomendioak betearazteko eta erradiazio maila baxuak izateko neurriak hartzea. Donostia eta Gasteizko udalek dagoeneko ordenantza berriak onartu dituzte, Europako Kontseiluaren 1815 Ebazpenak gomendatzen duen bezala, erradiazio elektromagnetikoa 0,1uW/cm2 maila mugatzeko. Zergatik ez du berdina egiten Bilboko Udalak?

Solokoetxeko egoera jasanezina da. Eskolaren apantailamendua premia larria duen neurria da, nahiz eta ez izan auzo guztiarentzat irtenbidea, auzokideek ere sufritzen baitituzte antenen ondorioak. Zoritxarrez, hiru urtez leuzemiaren aurka borrokan egon den Solokoetxeko ikasle ohi bat hil egin da. Baldin eta aukera bakar bat badago, ikasle hau horrenbeste urtez egon zen zentroan dagoen erradiazio altua eta leuzemia hau erlazionatua daudenaren zalantza izpi bat baldin badago, nahikoa izan beharko litzateke ardura dutenek berehala babes neurriak hartzeko. Badakite hiru minbizi kasu egon direla eta ikasle askok burukominak, kontzentrazio arazoak, ilea jaustea,... sufritzen ari direla. Zerren zain daude Hezkuntza Saila eta Bilboko Udala?

Solokoetxen duten arazoaren larritasuna ikusita ELAk bere egiten ditu eskolako guraso elkartearen aldarrikapenak. Gurasoek eskatzen duten bezala, zuzendaritzari eskatzen diogu bere esku dauden eta arriskua modu esanguratsuan murrizten dituzten neurriak hartzeko, hala nola wifia itzali eta ikasleak hutsik dauden eta esposizio maila baxuagoa duten geletara pasatzea. Aldi berean, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu zentroa berehala apantailatzeko eta Bilboko Udalari erradiazioa 0,1 W/cm2 baino baxuagoa izan dadin ordenantza bat onartzea. Berain ardura da ikasleak eta herritarrak ikusezina baina oso arriskutsua den mehatxu honetatik babestea.