Tapia Legeari esker Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuen proiektuak ere inposatu ahal izango dizkie udalei

Tapia Legea bezala izendatu den araudi honekin, Eusko Jaurlaritzak udalek baztertzen dituzten proiektuak inposatu ahal izango ditu. Hau posible izateko, Goi Mailako Interes Publikoko Proiektuen figura asmatu dute, EAJk eta PSEk gehiengorik ez duten udalerrietan onespenik gabeko proiektuak inposatzeko. Ez dituzte zehaztu zeintzuk izango diren goi mailako interes publikoko proiektu horiek, baina “erabilgarritasun publikoko eta ingurumen-interes sozialeko instalazio” gisa definitu dituzte. Arrazoi ezberdinengatik gizartean oposizioa eragiten duten azpiegiturak izango dira noski, inposaketa bidez soilik aurrera eraman daitezkeenak. Arantza Tapia buru duela, Eusko Jaurlaritzak oposizio ororen gainetik igaro nahi du, parte-hartzerik gabeko proiektuak inposatuz, herritarren interesak defendatzen ez dituzten proiektuak gauzatzeko. Gutxi batzuen interes pribatuei soilik erantzuten dieten proiektuak izango dira: gas putzuak, erraustegiak, goi tentsioko lineak, parke eoliko eta fotovoltaiko handiak...
ELAk legediaren aldaketa hau baztertzen du, erabilitako formengatik eta suposatzen duen inposaketagatik. Salatu nahi dugu legedi berri hau guztiz antidemokratikoa dela eta gutxi batzuen interesak inposatu nahi direla benetako interes publikoaren gainetik, pertsonentzat benetan onuragarriak diren interesen gainetik.
Hainbat gizarte eragilerekin batera mobilizatu gara Tapia Legea ez dugula onartzen esateko, eta guztiz antidemokratikoa den arau hau bertan behera uztea exijitzeko. Baina arau hau bertan behera geratzeko mobilizatzen ari ginen bitartean, Tapia Legearen bigarren zatia prestatzen ari ziren, iluntasunean eta trikimailu berberak erabilita. Oraingoan Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako lege proiektuan egingo dituzte aldaketak Tapia Legea borobildu eta erabaki guztien jaun eta jabe izateko.
EAJ eta PSEk bigarren kolpe honetan enpresa pribatuen proiektuak udalei inposatu ahal izatea onartuko dute, eta ez soilik ingurumenari lotutakoak, edozein motatako proiektuak izan ahalko dira. Honela justifikatzen dituzte: “beste proiektu mota batzuk deklaratu ahal izango dira, baldin eta horien beharra, interes publikoa, orokorra eta soziala justifikatzen bada eta horiek gauzatzea premiazkoa bada”. Noski, beti ere Eusko Jaurlaritzaren gustukoak badira eta berau osatzen duten alderdien interesak defendatzen badituzte.
Azaroan onartu zen Klima Aldaketa Legearen proposamena eta aldaketa hau sartuta zegoen jada. Baina eusko jaurlaritzak ez zuen publiko egin eta ez zuen inork publiko egiterik nahi. Eta ELAk eginiko salaketa bati erantzutean ezkutuko asmo hauek ondo gorde zituzten.
Abenduaren 22an salatu genuen Eusko Jaurlaritzak Zumarragan hondakin plastikoen pirolisirako tratamendu planta bat eraiki nahi duela eta beharrezkoa badu Tapia Legea erabiliko duela horretarako. Azkar erantzun zuen Eusko Jaurlaritzak esanez proiektu horren atzean enpresa pribatu bat dagoela eta ez dela bere eskumena. Ordurako Tapia Legearen bigarren zatia prest zuten, “interes orokorreko” proiektu publikoak ezezik, enpresa pribatuek ere beraien proiektuak inposatu ahal izateko, baina Eusko Jaurlaritzari darion gardentasun ezarekin jarraituz, nahiago izan zuen ELAri gezurretan aritzea leporatu (jakinik arrazoia genuela) bere gezurrak azaleratzea baino.
Arrazoi guzti hauengatik, ELAk berriro dio, Tapia Legea herritarren kontrako iritzia duten, ingurumenarentzat kaltegarriak diren eta interes pribatuen interesak defendatzen dituzten azpiegiturak inposatzeko tresna dela. Ez gaitu harritu, izan proiektu publiko edo pribatu, noiz utzi dio bada Eusko Jaurlaritzak enpresen interes pribatuak herritarron interesen gainetik jartzeari?