EKOFEMINISMOA

Trantsizio ekosoziala feminista izango da edo ez da izango

2024/03/07
Transizioa ekosozialak harreman eta kontsumo eredu zirkularrak, solidarioak, ekologikoak, bidezkoak, feministak eta naturarekin bat datozenak hartzen ditu beregan. Definizioz, kapitalismoaren eta merkatu logikaren kontrako norabidea markatzen digu trantsizio eredu honek, eta beraz, denon bizitza erdigunean jartzea du helburu.

Trantsizio ekosoziala denon ahotan dabilen garai honetan zer den, edo nolakoa izan behar duen zehaztea ezinbestekoa da. ELAk hilabeteak daramatza transizio ekosozialerako bideorri bat zehazten. Ez da erraza, eztabaidan ezinbesteko elementu asko sartu behar baitira: langileon ongizatea bermatzea, patriarkatua deuseztea, planetaren biziraupena, klima aldaketaren ondorioetara egokitzea, edo trantsizio energetikoa justua izatea, esaterako. Hauek denak ez baditugu kontuan izaten, ez da guztiontzat bidezko eraldaketa bat izango.

Argi dagoena da, ekofeminismoaren ikuspegitik, lehenik eta behin, ekonomia kapitalistaren esfera materialaren nahitaezko desazkundea onartu behar dela. Sistema honek gutxiagorekin bizi beharko du. Eta hori bi modutan plantea daiteke: botere ekonomiko, politiko eta militarra dutenek bizimodu xahutzaile eta bidegabe horiei eusten. Edo logika guztiz ezberdin batekin. Planetako baliabideak mugatuak direla eta pertsona guztien giza eskubideak onartzen dituzten bizimoduekin.

Trantsizio ekosozialak arazoak justizia sozialarekin abordatu behar ditu. Herrialde industrializatuenek eta kontsumistenek beren gain hartu behar dute beren ardura, ez bakarrik ingurumenean eragin dituzten inpaktuena, baita giza eskubideen urraketan duten erantzukizuna ere. Hegoalde globaleko herrialdeetan (eta ez hain urrun) eragiten diren inpaktuak eta injustiziak sarritan ez dira onartzen, eta bidezko trantsizio batean ardura hauek hartu eta mugak zehaztea ezinbestekoa izango da. Iraunkortasun ekologikoaren alde soilik egiteak, bizitzaren jasangarritasunean eta giza eskubideen errespetuan pentsatu gabe, erregimen erabat autoritarioetara eraman gaitzake.

Europar Batasunetik itun berdeez hitz egiten denean, eredu ekonomiko kapitalista berdez pintatu eta oraingo logika berarekin berreraikitzeaz ari dira. Adibidez, energia fosilaren gainbeheraren aurrean, energia berriztagarrien erabilera sustatzea; petrolio bidezko mugikortasunaren gainbeheraren aurrean, auto elektrikoaren alde egitea. Baina beti multinazionalen eskutik eta negozioa erdigunean jarrita, eta gizartean izan ditzaketen ondorioak kontuan hartu gabe.

Trantsizio ekosoziala hiru printzipioren arabera bideratu beharko litzateke: Nahikotasun printzipioa, hau da, behar den neurrian bizitzen ikastea, eta horrek, funtsean, gehiegi kontsumitzen duten gizarteei eragiten die. Bigarrenik, aberastasunaren banaketa. Eta, azkenik, ezinbestekoa da politika publikoak eta gizarte antolamendua zainketen logikatik bideratzea.

Trantsizioaren defininizio honetan ekofeminismoak ekarpen handia egiten du, bizitzaren logikan sakontzeko, eta borrokak eta itxaropenak lotzeko. Bizitzak erdigunean jartzeko beharra eta determinazioa feminismoak erakutsi digu. Giza bizitzak erabat mendekoak direla onartzen duen perspektiba izan behar dugu, lurraren zati gara, eta, aldi berean, komunitateen menpekoak ere bagara, eta horiek gabe ezin dugu ulertu gure bizitza. Emakumeek lurraren defentsan eta komunitateetako sareen defentsan egindako lana aitortu behar da. Eta horrenbestez emakumeak trantsizio ekosozialaren protagonista izan behar dira.