TRANTSIZIO EKOSOZIAL JUSTUA

Trantsizio ekosozialak bere lekua izan du ELAren 16. Kongresuan

2025/06/04
Ospatu berri dugun ELAren 16. Kongresuan trantsizio ekosozialak izan du bere lekua. Ponentzian hainbat lan ildo onartu dira “trantsizio ekosoziala herritar xumeentzat” atalean.

Trantsizio ekosozialaren inguruan honako irizpideak onartu dira hurrengo lau urteetan eguneroko lanean garatuko ditugunak:

  • Trantsizioa ekosozialaren beharrezkoa da eta iraunkortasun eta justizia irizpideren araberakoa izan behar da.
  • Industrian eta garraioan oinarrituriko ekonomia dugu eta eraldatu egin behar da.
  • Trantsizio energetikoa berriztagarrietan oinarritua egon behar da eta energia nuklearra bezalako iturriak baztertu behar dira.
  • ELAren trantsizio ekosozialerako proposamenaren oinarriak hauek dira: kontsumo murrizketa, energia sektorearen berrantolaketa, ekonomiaren birkokapena, garraioaren eraldaketa, oinarrizko zerbitzuen desmerkantilizazioa, eta lana eta aberastasuna banatu.
  • Trantsizio ekosozialerako funtsak exijitzen dizkiegu Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari.
  • Eguneroko ekintza sindikalean eskaera zehatzak egingo dira trantsizio ekosozialerantz aurrera egiteko:
    • Enpresei informazio eskaerak egin.
    • Hobekuntza planak exijitu.
    • Mugikortasun planak eskatu.
    • Enpresen jarduera eraldaketak exijituko ditugu, beti ere sektore hauetako langileen bizi baldintza eta ongizatea bermatuko dela ziurtatuz. Hau bermatu ezean ez dago bidezko trantsizio ekosozialik.
  • Jardueren eraldaketetak edo ekoizpen ereduen aldaketak eragiten dien langileei hiru aukera hauetako bat ziurtatu behar zaie:
    • Eraldaketan plantilla osoa eta lan baldintzak mantentzea.
    • Langileak trebatu eta beste enpresa batean birkokatzea.
    • Diru-sarrera nahikoak bermatzea langile guztientzat.
  • Enpresak eraldatzeko prozesuan langileek jabetza eta kontrola bereganatzeko aukerak sor daitezke eta horrek erakunde publikoen laguntza izan behar du.

Federazioetako kongresuak udazkenean ospatuko dira eta hauetan ere trantsizio ekosozialaren pisua ikusiko da. Hurrengo hilabeteetan hauekin eta beste neurri batzuekin jarraituko dugu.