Trantsizio energetikoa badatorrela? Ez da egia

Guztiz kontrakoa adierazten dute datuek. Sarritan aipatzen dugu trantsizioa gertatuko den zerbait izango dela, kontua dela ea nola egiten den. Baina TUED elkarteko Sean Sweneyk ongi azaldu zuen bezala, ez da egia trantsizio energetikoa gertatzen ari denik. Ideia hau albo batera utzi behar dugu, benetako datuek adierazten baitute geroz eta energia fosil gehiago ari dela erabiltzen. Horien artean ikatza eta gasa dira gorakada handiena izan dutenak. Mundu mailan sortzen den energiaren %12 soilik da berriztagarria, kontsumoan oraindik pisu gutxiago dauka. Eta datu honek urtero okerrera egiten du. 2017an mundu osoan behera egin zuen berriztagarrietan inbertitu zenak, Txinan ezik. Alemanian ere, berriztagarrien miraria izanik, behera egin du. Mantendu duten bakarra itsaso zabaleko parke eolikoak dira.
CO2 isurien beherakada egon denean koiuntura ekonomikoagatik izan da eta ez benetako aldaketa bat izan delako. Energia sektoreaz gain, emisio handiak dituzte beste sektore batzuetan ere berdina gertatzen ari da, garraioa edo elikagaien ekoizpenean esaterako, urtero emisioak gorantz doaz. Horrela ezingo da trantsizio energetikoa egin.
Baina nola egin orduan? Orain arte zabaldu den mezua “gobernuek dirulaguntzen bidez sektore pribatua bultzatu behar dute” izan da. Baina ideia honek ez du batere zentzurik. Sektorearen liberalizazioa porrota izan da, bai gizartearentzat, bai ingurumenarentzat, eta orain klima aldaketarentzat ere bai. Irabazi duen bakarra sektore pribatua izan da. Enpresen helburua ez da trantsizioa, ez da energia aurreztea, ez da ikerketa, enpresen helburua irabaziak dira. Energia berriztagarrien prezioak behera egiten badu, irabaziak ere gutxitu egiten dira eta enpresek inbertitzeari uzten diote. Sistema energetikoa aldatzeko modu bakarra “modu pribatua” dela sinestarazi digute. Baina merkatuak ez du soluziorik eskaintzen, beraz, Estatua da trantsizioa egin behar duena. Beharrezkoa da energia sektorea birnazionalitzatea, munizipalizatzea, publifikatzea,... Azken finean kontrol publikoa izatea eta prezioak kontrolatzea.
Beste tranpetako bat karbono emisioen merkatuak izan dira. Munduko emisioen %15 soilik dago merkatu horretan eta leku bakoitzean prezioa ezberdina da. Europar Batasunean CO2 tonak 25 dolarreko kostua du eta AEBetan 10 dolarrekoa, beraz ez da esfortzu bera egingo. Merkatu hauek ez dute inongo zentzurik. Enpresek emisioen kostua kontsumitzaileengan jartzen dute, ez du ikerketarik bultzatzen eta emisioek ez dute behera egiten. Eragin bakarra prezioen igoera da. Politika honek ez die molestatzen, eta ez da ezer aldatzen.
Eta bitartean guk zer egin dezakegu? Lehenik eta behin gure narratiba aldatu. Eragile sozialek eta sindikatuok zabaldu beharreko mezua arazo globalarena da. Emisioek denoi eragiten digute eta konpondu beharreko arazoa larria eta urgentea da. Bestalde, argi izan behar dugu, eta horrela aldarrikatu, beharrezkoa dela sektorea publifikatzea eta energia berriztagarrien sektorean enplegu lokalak eta duinak sortzea. Sindikatuontzat garrantzitsuak izango dira deskarbonizaziorako trantsizio planak, baina enplegua komunitateetan sortu behar da. Ez du balio eolikoak hemen jarri eta turbinak Indonesiako langileek esklabutza baldintzetan egitea.
Trantsizio energetikoa ezin dugu adituen esku utzi. Maila globalean aldaketak eman behar dira baina modu lokalean gauza asko egin ditzakegu. Sistema gureganatu behar dugu sistema komunitarioak bultzatzeko, energia mixa aldatzeko,... baina horretarako epe ertaina behar da eta sistema esku publikoetan egotea. Iniziatiba ezberdin asko daude, baina komunean dutena da alternatiba txikiak direla: auzoan auzoarentzat sortzen den energia, leku eta eraikin publikoetan sortzen dena,...Instituzioetara iritsi behar dira planteamentu hauek, baina bidea ez da pasatzen COP eta antzeko gailur handietatik. Eskala txiki eta ertainean bilatuko dugu alternatiba.
Energia da klimaren inestabilitatearen gakoetako bat, eta energia sektorearen jabetza ez badugu aldatzen ez dugu klima egonkortuko.