Trantsizio energetikoaren garaian, ez ahaztu Fukushiman gertatutakoa

2021/04/09
10 urte igaro dira Fukushimako hondamendi nuklearra gertatu zenetik. Trantsizio energetikoa guztion ahotan dabilen garai honetan, garrantzitsua da energia nuklearrak zer suposatzen duen gogoraraztea. Energia nuklearra dagoen energiarik arriskutsuenetakoa da, izan diren hondamendi nuklearrek erakutsi digute energia nuklearraren aldeko apustuak atzera ezineko eraginak dituela.

Lehenik lurrikarak eta ondoren tsunamiak kalte handiak eragin zituzten 2011ko martxoaren 11n Japoniako Fukushima hirian zegoen Daiichi zentral nuklearraren eraikinetan eta azpiegituran. 15.000 pertsona baino gehiago hil ziren, 6.000 baino gehiago zauritu, 2500 inguru oraindik desagertuta daude eta 39.000 beraien etxeetara ezin itzulita. 1986ko Chernobylgo hondamenditik zentral nuklear batean gertatutako istripurik larriena izan zen.

Fukushimako hondamendiak energia nuklearraren inguruko hainbat erabaki abiarazi zituen. Batzuk energia honen aldeko apustua bertan bera utzi zuten, beste batzuk ordea bere horretan jarraitzen dute. Alemania eta Suitza izan ziren beraien proiektu nuklearrak bertan behera uzten lehenak, baita Japonia ere. Hauen atzetik Italia eta Belgikak ere norabide berdina hartu zuten.

Beste herrialde batzuk ordea energia nuklearraren aldeko apustuarekin jarraitzen dute, beraien esanetan, energia fosilekiko menpekotasunari aurrea egiteko: Frantzia, Erresuma Batua, Polonia, Errusia, Txina, India eta Estatu Batuak esaterako. Latinoamerikako hainbat herrialde ere horretan ari dira, besteak beste Brasil, Argentina eta Mexiko.

Hondamendi nuklearrak Fukushima jo zuenetik, eskualde honetako esperientziak mundu osoko jendearekin partekatu ditu “Fukushimatik mundura” proiektuak, Japoniako Unibertsitateetako ikerlariek, gobernuz kanpoko elkarteek eta gizarte eragileek osatzen dute sare hau. Bai bertara joan direnen artean, bai munduko gainerako herrialdeetan ere, hondamendiaren gertaeren berri ematen saiatu dira, baita gertaera horien larritasuna eta ondorengo arazoen berri ere. Horrela publikatu zuten “Fukushimaren 10 ikasgaiak” txostena. Hona hemen ikasgai nagusiak:

  1. Ez sinetsi "energia nuklearra segurua da" propaganda.

  2. Larrialdi batean, oinarrizko premisa ihes egitea da.

  3. Informazioa eskuratzea eta erregistroak uztea funtsezkoa da.

  4. Hondamendiak kaltetutako pertsonek mediku balorazio osoa eta informazioa eskuratzeko eskubidea dute.

  5. Elikagaien segurtasuna bermatzeko eta nekazaritza, baso eta arrantza industria babesteko, herritarrek neurketetan parte hartu behar dute. Informazioaren dibulgazioa ere funtsezkoa da.

  6. Ezinezkoa da guztiz deskontaminatzea.

  7. Langileei osasun sistema hobea eta osasun tratamendu hobeak eskaintzen ez bazaizkie, ezin dira istripuaren ondorioak kontrolatu.

  8. Ezinbestekoa da gizarte sarea berreraikitzea eragindako eskualdeetan.

  9. Eskubideei eta babesari buruzko lege esparrua eragindakoen parte hartzearekin diseinatu behar da.

  10. Konpentsazio kostuen karga zergadunen bizkarrean ari dira jartzen.

 

Energia nuklearrak dakartzan ondoriok kaltegarriak hobeto ezagutzeko eta beste hainbat informazio eskuratzeko, txosten osoa hemen.