KLIMA ALDAKETA
Trump, krisi klimatikoa eta planetaren etorkizuna

Trumpen garaipenak itxaropen gutxiko etorkizuna iragartzen du. Boterera itzuli denetik, presidenteak klima politiketan eragin zuzena duten neurriak hartu ditu. Bere lehen ekintzetako bat Estatu Batuak Parisko Akordiotik ateratzea izan zen (aurreko agintaldian ere egin zuen hori), herrialdea klima aldaketa arintzeko ahalegin globaletatik isolatuz. Hori atzerapauso bat da, herrialde ugarik sinatutako akordio minimoa izan arren, oso gutxi baitzegoen klimaren arloan adostua. Gainera, Trumpek gogor kritikatu du aurreko gobernuaren ekonomia deskarbonizatzeko plana. Izan ere, Green New Deal bezalako proposamen klimatikoak ia eraginik gabe geratuko direla esan genezake. Besteak beste, administrazio berriak diru laguntzetan eta mailegu federaletan 3 bilioi dolar geldiarazteko agindua eman duelako, aurreko ekimen horiek berrikusi eta ezabatzeko helburuarekin. Era berean, 2022ko Inflazioa Murrizteko Legearen diru laguntzen politikak indarrean jarraituko duen arren, hau aldatu egingo da. Jada ez zaie industria berdeei lagundu nahi, Gobernu berriaren aliatuak kontrolatzen dituzten enpresei baizik, bereziki defentsa eta teknologian aritzen diren enpresei.
“Drill, baby, drill” (Zulatu, baby, zulatu) izan zen bere leloetako bat hauteskunde kanpainan. Lelo horren atzean energia fosilen aldeko apustua dago, bere politika energetikoaren zutabe gisa, frackingaren hedapena sustatzea, Alaskan zulatzea eta petrolio eta gas ekoizpena sustatzeko ingurumen erregulazioak murriztea. Estrategia horrek Estatu Batuen independentzia energetikoa bermatzen duela eta kontsumitzaileentzako kostuak murrizten dituela argudiatu du. Baina kontua da egungo egoera larriagotu egingo duela, ingurumenean eragin handia izango duela eta energia garbietarako trantsizioan atzera egingo duela.
Trumpen politikek beste zeharkako ondorio batzuk ere badituzte eta izango dituzte. Klima aldaketarekin zerikusi handia duen albiste garrantzitsu bat da banku handiak, baita funtsen kudeatzaile handiak ere, alde batera uzten hasi direla 2050ean berotegi efektuko gasen zero isurketa lortu nahi zuten aliantza klimatikoa. Bestalde, aipatu behar da lehen aipatutako erabakiek munduko beste ekonomietan ere eragina izango dutela, beste herrialdeei euren plan klimatikoak berrikusteko pizgarria suposatzen baitie.
Egungo testuinguru globalak lehen ginena baino ezkorragoak egiten gaitu. Trumpek bultzatutako neurriek, eta beste herrialde batzuek jarraituko dituztenek, politika klimatikoetan atzera eginarazten digute, eta horrek ondorio suntsitzaileak izango ditu planetarentzat eta pertsonentzat.