Txina da aitzindaria ibilgailu elektrikoak bultzatzeko politikan eta ekoizpenean

2019/02/22
Munduko herrialde kutsatzaileen zerrenden buru izateaz gain, Txina, gaiak duen larritasunaz ohartu eta neurriak hartu dituen lehenetarikoa izan da. Munduko autobus elektrikoen %99 Txinan erabiltzen dira eta mugikortasun elektrikoan aurrerapausoak egiten ari dira, beste herrialde “kontzientziatu” askotan ez bezala.

New Energy Finance txostenaren arabera, munduko autobus elektriko guztien %99 Txinan ari dira, Europan ordea %1,6, eta AEBn %0,5. Ez da populazio kontua, honen atzean apustu garbi bat dago. Txinako Alderdi Komunistak bere Kongresuan egin zuena. Eta noski, baita inbertsio ekonomikoa ere. Autobus elektriko batek arrunt batek baino 4 aldiz gehiago balio du, baina teknologiak aurrera egiten duen abiaduran gero eta merkeagoak eta hobeagoak dira. Gainera urtean 356.000 tona CO2 gutxiago eta osasunari kalte egiten dioten 26 kilo partikula gutxiago isurtzen dute airera. Eta kutsadura akustikoa ere nabarmen jaisten da. Taxien alorrean ere aldaketa handiak ari dira ematen, gero eta taxi elektriko gehiago daude.

Egoera ez da berdina hiri guztietan. Shangairen adibidez, 24 milioi biztanleko hirian, 9.000 autobus elektrikotik gora daude, autobus guztien %55 da elektrikoa. 350 taxi eta 7.300 logistika ibilgailu (hondakin bilketakoak, garbiketakoak, posta zerbitzuak,...) ere badabiltza. Alokatzeko ibilgailuen artean 8.000 dira auto elektrikoak.

Shenzen hirian (13 milioi biztanle) aurreratuago daude. 16.000 autobus eta 19.000 taxi elektriko daude. Hauek behar duten azpiegitura ere oso zabaldua dago, 5.000 kargaleku dituzte. 2010ean hasi ziren apustu honekin eta dagoeneko mundu mailako erreferente bihurtu dira.

Ibilgailu elektrikoen ekoizpen sektorea ere oso indartsua da Txinan. 2018an 1,26 milioi ibilgailu elektriko saldu ziren Txinan, 2017an baino %67 gehiago. 2025erako duten helburua urtean saltzen diren ibilgailuen %20 elektrikoak izatea da. Garraioa erabat elektrikoa izateko hiru pauso egin behar dira: lehenik autobus eta taxi elektrikoak, ondoren logistika ibilgailuak eta azkenean ibilgailu pribatuak. Gobernuaren inbertsioek teknologia behar beste aurreratzea eta eskala ekonomia lortzea ekarriko du, horrela auto elektrikoen prezioak lehiakorragoak izango dira eta ondorioz erabiltzaileentzat eskuragarriagoak izango dira.

Gobernuak teknologian eta ibilgailu publikoen parke elektrikoan inbertsioak egiteak ekarri ditzake sektore pribatuen inbertsio eta eraldaketak. Hemen ordea, helburua berbera dela esaten duten arren, autogintza arruntaren sektoreak irabaziak izan ditzan Renove plan bat jartzen da martxan soilik.

Txinak teknologia konkretu baten alde apustu egiten duenean, bere egunean eguzki energiarekin egin zuen bezala, mundu osoan du eragina. Teknologia garatu eta ekoizpen handia duenez, mundu osoko merkatuan auto elektrikoak eskuragarriak bilakatuko dira. Tokian tokiko administrazioaren esku geratuko da ibilgailu hauek parke publikoetan izango duten presentzia (autobusak, taxiak, garbiketa, posta,...), benetan alternatiba erabilgarria izateko behar den azpiegitura garatzea (karga postuak,..), eta erabiltzaileentzat dirulaguntzak ematea.