Ura giza eskubidea da, ez espekulatu daitekeen ondasuna

Urak boltsan kotizatzea elementu berria da uraren kudeaketan, baina urteak dira urarekin eta, batez ere, ura eskuratzeko aukerarekin espekulatzen dela. Uraren banaketak munduan desberdintasuna izugarriak ditu, bai arrazoi klimatikoengatik, bai politikoengatik. Munduko biztanleriaren %40k ur eskasia pairatzen du. 3.000 milioi pertsona dira eta etorkizun hurbilean gehiago izango dira. Urritasun horrek eta edateko ura eskuragarri ez izateak gaixotasunak eta heriotzak eragiten ditu egunero. Garrantzi handiagoa hartzen du pandemia egoera honetan, COVID19aren prebentzio neurriak higienearekin lotuta daudenean. Beraz, ura eskuratzeko aukera izatea, are gehiago pandemia egoera honetan, funtsezkoa da osasun publikoarentzat.
Uraren ustiapenak gora egin du azken hamarkadetan, eta dugun eskasiak ondasun preziatu bihurtu du. Sektore pribatuak badaki hori eta inork baino balio handiagoa ematen dio. Munduko Bankuak ohartarazi duenez "ekoizpenerako ezinbesteko faktorea da, beraz, hornikuntza gutxiago izateak hazkunde ekonomikoaren desazelerazioa eragin dezake". Sektore ekonomiko batzuentzat baliabiderik preziatuenetakoa da, beraien garapen eta hazkunde ekonomikoa uraren menpe baitago hein handi batean. Munduan, uraren %70 baino gehiago nekazaritzan erabiltzen da, erabilera intentsiboetarako erabiltzen da noski, ez labore tradizionalak ureztatzeko. Energia sektoreak ere behar du sorkuntza hidroelektrikorako. Prozesu industrial askoren parte da. Turismoaren garapena ere uraren araberakoa da. Eta sektore horiei uraren merkantilizazioa gehitu behar zaie: botilaratutako uraren salmenta, banaketa sareen pribatizazioa, edo lurralde batetik bestera egiten diren isurialdatzeak, esaterako.
Eskasiak, espekulazioak eta pribatizazioak Wall Streetera eraman dute ura. Eta merkatuek, teorian, baliabideen eraginkortasuna handitzen badute ere, jakina da baliabide bat pribatizatzeak (bere garaian energiarekin gertatu zen bezala) desoreka handiagoa eta irisgarritasun txikiagoa eragiten duela. Sektore pribatuak ez baititu elkartasun irizpideak aplikatzen, etekin ekonomikoa maximizatzea bezalako merkatu irizpideak baizik.
Beraz, ura, giza eskubidea izanik, ondasun gutiziatu bihurtu da. Eta ez da ahaztu behar uraren espekulazioak berarekin dakarrela desberdintasun handiagoa, pobrezia gehiago, gaixotasun gehiago eta gerra gehiago.