Urdaibai, Guggenheimetik haratago (iritzia)
Urdaibai ingurua Euskal Herrian dugun inguru ederrenetakoa da. 1984an Biosferaren Erreserba izendatu zuen Unescok bere balio handiagatik eta 1989an erreserbaren babes eta antolaketarako legedia onartuz Eusko Jaurlaritzak balio hau berretsi zuen. Zonalde honek duen aberastasun naturala eta ingurumen kalitatea ezin hobeak dira, eta instituzioek horrela defendatu izan dute, orain arte behintzat.
Eskualdearen garapen sozioekonomikoa ordea alde batera utzi dute, eta eskualdeak dituen beharrak handiak dira. Orain arte ez dute ezer egin Busturialdearen garapen iraunkorra bultzatzeko.
Baina bat-batean interes berezia piztu zaie administrazio guztiei eskualde honetan. Urdaibai modan jarri da azkenaldian eta administrazio ezberdinak eskualderako beraien proiektuak aurkezten hasi dira, lehiaketa bat bailitzan. Administrazio ezberdinen arteko gerra-eremu bihurtu da Urdaibai. Bakoitzak bere interesak izango ditu noski. Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim II eraiki nahi du, gaitz guztientzako erremedioa balitz bezala, horrek ingurumenean sortu dezakeen inpaktua kontuan izan gabe. Beraien esanetan proiektu honek lanpostu asko sortuko ditu eta eskualdearentzat konponbidea izango omen da. Eusko Jaurlaritzak ere garapenerako plan integral bat aurkeztu du, sektore ezberdinetan oinarrituriko ekintzekin baina ez dakigu zein ondorio izango dituen ingurune natural paregabe honetan. Horrelako proiektuek beti dakartzate beraiekin errepideak eta beste azpiegitura batzuk, kalte handiak eraginez.
Hau gertatzen ari den bitartean museoa eraiki nahi den lekua, Sukarrietako udalekuak, babesgune izendatu dira eta ezingo dira ukitu, baina babestutako guneak ez dira beti errespetatzen, beraz, nork daki…
Guggenheim proiektua ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik jasangarria ez dela aurretik jakin arren proiektuarekin aurrera egin nahi dute kosta ala kosta. Dagoeneko ohikoa da horrelako makroproiektuak modernitate eta garapenaren ikono bihurtzea eta beste sektore guztiak alde batera utziz, aurrekontuen zati handi bat horietan gastatzea, beti ere gastu sozialetik murrizten den diruarekin. AHT ere horren eredu garbia da, modernitatearen ikono eta arazo guztien konponbide, beraz, zergatik ez hau ere Busturialdera ekarri? Jasaten ari garen krisi eta murrizketa egoeran onartezina da Guggenheim bezalako proiektu batean milioika euro gastatzea. Marketing hutsa da. Aurretik ere Bizkaiko Diputazioak fiskaltasuna bezalako garrantzizko politiketan ez du egin beharrekoa egiten, zergatik egingo du Busturialdean benetako garapena bultzatzeko garaian? Esaterako, urteak daramatzagu Gernikan ospitale bat egingo dela entzuten, baina non dago? Zergatik Eusko Jaurlaritzak ez du osasunean inbertitzen eta eskualdean zerbitzu hobea eskaintzen? Hezkuntzan ere beharrak badaude, 0-3 urte bitarteko 12 haurrentzako haurtzaindegi publikoko plaza bakarra dago. Nagusientzako erresidentziak eta eguneko zentroak ere behar dira, plaza bakarra dago 22 pertsona nagusiko. Administrazio hauek badute eskumena zerbitzu hauetan baina ez dute ezer egiten.
Eta bertako herritarrak? Non geratzen da beraien iritzia eta partehartzea? Eskualdetik kanpo erabaki nahi dute bertakoen etorkizuna, gizartearen iritziari eta beharrei kasu izpirik egin gabe. Eskualdearen garapen iraunkorraren alde sorturiko mugimendua ere ez dute kontuan hartu, administrazioen partehartze politika ezaren eredu garbia.
Hobe litzateke eskualdeko herritar eta eragile ezberdinen artean benetako beharrak identifikatu eta horietan oinarrituz benetako garapen sozioekonomikoa bultzatzea, ingurumenean kalterik sortuko ez duena. Baliabide natural eta kultural izugarriak dituen eskuldea da Busturialdea, eta horietan ere inbertitu behar da benetako garapen iraunkor bat bideratzeko. Zonalde aberatsa da, etorkizunerako aukeraz josia, baina garapen eredu egoki bat jarraitu beharra dauka, ez marketing estrategia hutsa.
Busturialderako benetako garapen sozioekonomiko iraunkorra nahi dugunok herritarren iritzia errespetatzea eta beraien partehartzea bermatuko duen garapen eredu bat exijitzen dugu, herritarren beharrak kontuan izango dituena. Edozerk ez duelako balio.