Urriaren 1etik gasaren merkatu erregulatura pasatzeak fakturaren erdia baino gehiago aurreztea ekar dezake

2022/10/11
Gasaren prezioa merkatu librean merkatu erregulatuaren laukoitza izatera iritsi da (kontratatutako konpainiaren arabera). 50.000 kw/h baino kontsumo gutxiago duen oro pasa daiteke legez araututako merkatu honetara, hau da, etxebizitza eta lokal komertzial txikiak, eta merkatu librean ordaintzen denaren erdia ordainduko du gehienez.

Energiaren gurpil zoro honetan aurrera goaz, hurrengo kolpea noiz eta nola jasoko dugun asmatu ezinean. Dagoeneko udazkena iritsi da eta tenperaturek oraindik beheraka handiegirik izan ez duten arren, berogailua pizteko egunak noiz etorriko diren pentsatzen hasi gara ia, ez gogotsu gaudelako, horrek gure energiaren fakturan zein eragin izango duen oso ondo ez dakigulako baizik.

Energiaren prezioaren gorakada etengabea ikusita, gas bidezko berokuntza etxean duen oro beldur puntu bat sentitzen hasia da. Elektrizitatearen kasuan gertatzen zaigun bezala, sarritan ez dakigu iristen zaizkigun fakturak irakurtzen, are gutxiago, zer dugun kontratatuta.

Gasaren prezioa merkatuan oso ezberdina izan daiteke dugun kontratu motaren arabera. Elektrizitatearen kasuan gertatzen den bezala badago merkatu erregulatua eta badago merkatu librea. Lehenengoan Estatuak arautzen du prezioa eta bigarreanean energiaren oligopolioak. Esan daiteke beraz, printzipioz, merkatu erregulatuan prezio merkeagoak izango ditugula.

Estatuko Energia Politikarako Zuzendaritzak pasa den urriaren batetik aurrera merkatu erregulatuan hurrengo 3 hilabeteetan izango diren prezioak argitaratu zituen. Merkatu librean kostatzen dena baino askoz merkeagoa da TUR (tarifa de ultimo recurso) deritzon tarifa hau, kontsumitzaile txikiak babestea baitu helburu. Fakturaren alde finkoan merkeagoa da TUR tarifa, baina batez ere fakturaren alde aldakorrean (kontsumitzen dugun kw kopuruagatik ordaintzen duguna) merkatu librean prezioak laukoiztera iritsi daitezke kontratatuta dugun gas konpainiaren arabera.

Merkatu erregulatuan, prezioaz gain, prezioak 3 hilabetero izan dezaketen gehienezko igoera ere araututa dago. Ezin da %15a baino gehiago igo, beraz ez dugu izugarrizko eta bapateko igoerarik sufrituko.

Oligopolioa osatzen duten enpresa nagusiek (Iberdrola, Repsol, Naturgy, Total, Endesa…) badute merkatu erregulatuan aritzen diren filialak, eta horiek dira erabiltzaileei TUR tarifa eskaintzen diotenak. Beraien publizitatean ez dugu inoiz entzuten honen berri, etxera behin eta berriro deitzen dutenean ere ez digute merkatu erregularrean kontratua egiteko eskaintzarik egiten. Baina derrigortuta daude tarifa hau eskaintzera. Erabiltzaileok badugu gasaren prezioa aukeratzeko modua beraz.

Bizitzaren garestitzea iritsi den mailara iritsita, berri ona da gasaren prezioa legez ezarri izana. Baina gasaren merkatua modu honetan erregulatu bada, zergatik ez elektrizitatearena eta erregaiena? Bi merkatu hauek ukitzen diren bakoitzean oligopolioak salto egiten du, mehatxuka askotan. ELAk azken hilabeteetan, energiaren prezioak etengabe gora egiten ari diren honetan, behin eta berriro exijitu du energiaren prezioari muga jartzeko, eta ez diru publikoz beherapenak aplikatzeko, neurri horrek enpresen irabaziak gizentzea bakarrik bermatzen duelako oligopolioaren mehatxuei men eginez.