Zaldibar eta inguruetan urtea luzea izan da, baina oraindik ere bide luzea geratzen zaigu

2020ko otsailaren 6an etorri zen behera Zaldibarko zabortegia, baina egun horren aurretik hasi zen hondamendia. Verter Recycling enpresak kudeatzen zuen zabortegian hainbat eta hainbat irregulartasun egon ziren, eta luiziaren aurretik Eusko Jaurlaritzak bazuen hauen berri. Baina ez zuen enpresa zigortzen eta ez zuen bere erantzukizuna zen ingurumen kontrolik egiten. Zabortegia behera etorri zenean azaleratu zen guztia, baina urteak zeramatzan enpresak nahi zuena egiten ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko: ingurumen kalteak, bete beharreko neurririk gabe amiantoa jasotzen, inongo kontrolik gabeko hondakin industrial arriskutsuak jasotzen, langileen segurtasuna eta inguruan bizi direnen osasuna arriskuan jartzen, eta oraindik ezagutzen ez ditugun beste ekintza onartezin asko ere izango dira.
Eta zerri begira zegoen Eusko Jaurlaritza? Ingurumen Sailak ez al du erantzukizunik? Bai noski. Ingurumen sailak zabortegi honetan pasatzen zen guztiaren kontrola eraman behar zuen, eta ez du balio erantzukizun osoa enpresarengain jartzea, administrazioak ere baditu ardurak gai honetan. Ez du ELAk bakarrik esaten, 2020ko apirilean Europar Komisioak azpimarratu zuen tokiko administrazioak, Eusko Jaurlaritzak, jarduera arriskutsu honen kontrolaren ardura zuela eta utzikeriaz jokatu zuela.
Baina utzikeria honek zabortegia behera etorri zenean ere jarraitu zuen. Otsailaren 6ko arratsaldean hasi ziren lanetan aritu ziren langileen segurtasuna alde batera utzi eta inongo babesik gabe amiantoarekin lanean jarri zituzten, orduak eman zituzten horrela, A8 autobidea irekitzea zen lehentasuna noski. Eta lan ikuskaritza nora begira? Kasu honetan denek egin duten bezala, beste aldera begira.
Baina nola iritsi gara horrelako zabortegi bat gure buruen gainean izatera? Gaur egun dugun sistema kapitalistak, planetaren mugak kontuan hartzen ez dituen ekoizpen eta kontsumo ereduak, eta gehiegizko hondakinak (asko arriskutsuak) sortzen dituen eredu industrial zaharkituak eraman gaitu horrelako azpiegiturak garatzera. Zaldibarren gertatutakoaren antzekoak ekiditeko, gardentasunaz eta kontrolaz gain, eredu ekonomikoaren oinarrizko aldaketa bat behar da, benetako ekonomia zirkular baten aldeko apustua. Eta hemen oraindik asko ez dira konturatu bai ala bai egin beharreko bidea dela, baliabideak agortzen ari garela eta ez badugu modu ordenatu eta justu batean egiten, kapitalismo berdeak berriro horrelako azpiegitura onartezinak garatuko dituela.
Urteurren honetan gogoratu eta aitortu nahi dugu Joakin eta Albertoren familiek erakutsi duten duintasuna. Baita Zaldibar Argituz plataformak gertatutakoa argitu eta erantzukizunak exijitzeko egin duen lan izugarria ere. Aurrean duguna ez da nolanahiko arerioa, botere politikoaren atzean izkutatzen den botere ekonomikoaren aurka ari gara. Orain arte ezagutu dugunak instituzioekin fidatu ezin gaitezkeela erakutsi digu. Horregatik, Zaldibar Argitu plataforma eta ELA partaide den Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta modu bateratuan Herri Akusazio gisa aurkeztu gara epaitegietan. Herri Akusazio gisa aurkezteak suposatzen duen gastua ordaintzeko diru bilketa egiten hasiak gara hemen.
Denon laguntza beharrezkoa izango da egia ezagutzeko. Ez da bide erraza izango, orain arte egin duten bezala traba asko jarriko dizkigute, baina egia ezagutzeko eskubidea dugu eta horretan borrokan jarraituko dugu. Horregatik otsailaren 6an hainbat herrietan deitu diren mobilizazioak babesten ditu ELAk eta hauetan parte hartzeko deia egiten dugu.
Langileak, osasuna, erantzukizunak. Zaldibar Argitu orain!