Zaldibar: zaborraren kudeaketaren iruzurra #ZaldibarArgitu #Landeia

2020/03/13
Eusko Jaurlaritzak kontrol lanik ez egiteak enpresari bidea ireki dio irabaziak edozer gauzaren gainetik jartzeko. Ondorioa: bi desagertu eta kalte larriak ingurumenean zein herritarrentzat. Landeiaren 237 alean ELAren Ingurumen arduradun Ainhara Plazaolak gai honen inguruan hausnartzen du.

Otsailaren 6ko arratsaldez etorri zen behera Verter Recicling enpresak kudeatzen duen Zaldibarko zabortegia. Bi langilek desagertuta jarraitzen dute. Azken asteetan zabortegi honen kudeaketa tamalgarria ezagutzen ari gara. Hain da larria ezin izan dutela ezkutatu, beste kasu batzuetan egin izan den antzera. Eta hala ere, oraindik icebergaren punta besterik ez dugu ikusi. Zaldibarren gertatutakoa benetan larria eta onartezina da. Beharrezkoa da herritarrek gertatu dena jakitzea eta ardurak dituztenek erantzutea. Horregatik, besteak beste, ELAren ordezkaritza bat otsailaren 24an Zaldibarko zabortegian izan zen.

Lehenik eta behin desagertuta jarraitzen duten langileekin eta beraien familiekin gogoratzen gara, ELAren elkartasuna guztientzat momentu latz hauetan. Esan behar da Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna bilaketa lanak izan beharko zirela, baina ez dute horrelakorik erakutsi. Familiek ere gauza bera salatu dute. Luiziaren egunean lehentasuna A8 autobidea berriro irekitzea izan zen eta hau lortu arte ez zen benetako egoeraz informatu. Larrialdi taldeetako langileak ordu luzez aritu ziren lanean inongo babes neurririk gabe, eta autobidea ireki ondoren esan zitzaien amiantoa zegoela eta lanak gelditu behar zirela segurtasun neurriak hartzeko. Orduan piztu ziren alarma guztiak, Zaldibarko zabortegian zeuden hondakinak ezagutzen hasi ginenean.

Kontrolik gabeko isurketak

Amiantoaz gain, Zaldibarren hainbat hondakin arriskutsu pilatzen aritu dira, nahiz eta horretarako baimenik ez izan. Verter Recyclingek hondakin inerteak, hondakin industrial ez arriskutsuak (karga organiko gabeak) eta amianto aglomeratua jasotzeko baimena zeukan. Baina azken urteotan edozer isuri dute. Bertan lanean aritutako langile baten testigantzak hotzikara sortzen du: amiantoa inongo tratamenturik eta segurtasun neurririk gabe botatzen zuten, hondakinak zuzenean isurtzen ziren behar bezala tratatu gabe, edozein hondakin isurtzen zen inongo kontrolik gabe, araututako kantitateak baino gehiago botatzen zuten, Frantziako zabortegietan onartzen ez zituzten hondakinak ere ekarri dira, garbiguneetako hondakin birziklagarriak ere bai... Eta lan guzti hauek inongo segurtasun ekipamendurik gabe egiten zituzten. Honi gehitu behar zaio zabortegiak baimendutako azalera baino gehiago hartzen zuela eta ez zela hondakin kopurua behar bezala tratatzen mendia egonkortzeko.

2019ko ingurumen ikuskaritzan 23 akats aurkitu ziren, luiziaren egunean oraindik zuzendu gabe zeudenak, eta hala ere ez zaio denbora guzti honetan enpresari zigor espedienterik ireki. Orain egingo badute, beranduegi izango da. Atzera gabeko kaltea eginda dago.

Gertaera latz honen ondoren Eusko Jaurlaritzak egin duen kudeaketa penagarria izan da. Inguruko herrietako biztanleei informazioa ukatu zaie lehen egunetik eta airearen neurketek emandako emaitza txarren ondorioz eman diren gomendioen ondoren, eta herritarrak mobilizatzen hasi direnean, eman dira lehen azalpenak. Azalpen oso eskasak eta herritarren osasunaren aurretik beste lehentasun batzuk dituztela erakusten dutenak.

Batetik, eta herritarrei emandako aholkuak zeintzuk diren ikusita (leihorik ez ireki, ez kirolik egin aire librean, haurdun eta edoskitzaroan daudenei zonaldetik urrutiratzeko gomendioak,...), desagertutakoen bilaketa eta suteen itzaltze lanetan ari diren pertsonek ere arnaserako babes-neurri espezifikoak erabili behar dituzte. Hala eta guztiz, erakunde publikoek ez dute luiziaren inguruan lanean ari direnak babesteko inongo araurik ezarri. Bestalde, inguruko herrietako herritarrek osasun arazoak izaten ari direla salatu dutenean (eztarriko mina, begietan sumina,...) alferrikako alarmak piztu izana egotzi zaie.

Eusko Jaurlaritzaren arduradun nagusiek izan duten erantzuna ere tamalgarria izan da. Ingurumen Sailburua eta Lehendakaria ikusi ditugunerako astebete baino gehiago pasa da, eta Legebiltzarreko agerraldia informazioa emateko baino beraien jarrera onartezina eta kudeaketa txarra justifikatzen saiatzeko erabili dute. Bitartean isiltasunaren legea ezarri nahi izan die Ingurumen Saileko langileei mehatxupean.

Ikuskaritzaren gabeziak, agerian

Ingurumen Sailaren betebeharra da Zaldibarko zabortegiaren kontrola eta ikuskaritza egitea. Baina aste hauetan egindako agerraldietan erantzukizun dena enpresaren gainean jartzen saiatu dira. Gogoratu behar zaio zabortegiaren titularra pribatua den arren, jarduera baimena Ingurumen Sailak eman ziola 2007ko Ingurumen Baimen Bateratuarekin, eta kontrol eta ikuskaritza tamalgarria egin izana Ingurumen Sailaren akats larria izan dela. Noski, enpresak oker jokatu duela, baina ez luke jada jarduera baimenik izango ikuskaritzak ongi funtzionatuko balu. Ingurumen Sailak behar bezalako kontrol lana ez egiteak enpresari bidea ireki dio irabaziak beste edozer gauzaren gainetik jartzeko. Ondorioa: bi pertsona desagertuta, atzera ezineko ingurumen kaltea eta inguruko herritarrengan osasun kalteak. Bai, Eusko Jaurlaritza da honen erantzule nagusia.

Ingurumen Sailaren kontrol faltaren adierazgarria izan da Zaldibarren gertatua, baina honek galdera asko eragiten ditu: zenbat jarduera kutsatzaile ditugu inguruan inongo kontrolik gabe? Zenbat hondakin sortzen dugu eta non bukatzen dute? Zenbat zabortegi daude baimendurik ez dituzten hondakinak jasotzen dituztenak? Nola kudeatzen dira hondakin industrial arriskutsuak?

EAEn dauden 15etatik 8k onartzen dituzte hondakin arriskutsuak. Ez dakigu nolako kudeaketa egiten ari diren bertan. ELAk urteak daramatza Ingurumen sailari jarduera kutsatzaileen informazioa eta pasatzen dituzten ikuskaritzen emaitzak eskatzen baina inoiz ez digute informazio hau ematen.

Sindikatu batek material toxikoekin eta hondakin arriskutsuekin lan egiten duten jardueren informazioa behar beharrezkoa du langileen eta inguruko herritarren lan eta bizi baldintza egokiak defendatzeko, baina Eusko jaurlaritzak beti ukatu digu informazio hau, orain badakigu zergatik.

Transparentzia ezaren atzean zulo oso iluna ari dira ezkutzatzen eta Zaldibarko kontrol falta adibide bat gehiago besterik ez denaren susmoa daukagu. Hain arriskutsuak diren jarduerak kontrol publiko zorrotza behar dute enpresa pribatuen eta beraien irabazi gose basatiaren esku ez geratzeko, baina errealitatea kontrako bidetik doa, EAEko zabortegietatik 5 bakarrik dute kudeaketa publikoa. Zenbat ote daude Zaldibar bezalakoak? Galdera asko ditugu baina erantzun gutxi.