Zaldibartik Zubietara, hondakin industrialekin bueltaka

2021/02/26
Hondakin industrial asko Zaldibarrera eramaten ziren zabortegia behera etorri zen arte. Urtebeteko denbora egon da hondakin industrialen kudeaketa eredua aldatu, alternatibak garatu eta irtenbide onargarri bat bilatzeko. Baina Eusko Jaurlaritzak bere ereduarekin kosta ala kosta aurrera egiten du eta azkenean hondakin industrialak Zubietan erraustuko dituzte.

Arazoa larria dugu hondakin industrialekin. Industriak pisu handia du gure inguruan eta bertan sortzen diren hondakin kantitateak izugarriak dira. 2020 urtean 800.000 tona sortu ziren geldialdi ekonomikoagatik, baina aurreko urteetan 1.200.000 tona sortzen ziren urtero. Badakigu orain arte hondakin hauen kudeaketa tamalgarria izan dela. Zaldibarko zabortegia behera etorri zenean ikusi genuen edozein hondakin inungo tratamendurik gabe jaso eta lurperatzen zela han, horietako asko arriskutsuak izan arren. Egun haietan patronalak ere irten zuen esanez Zaldibar itxi bazen beste zabortegi bat behar zutela hondakinak eramateko. Beraiek sortutako hondakin industrialei beste modu bateko tratamendurik bilatzeko asmorik ez zuten, eta ez dute. Hondamendi hartatik urtebete pasa denean, eta askori gauzak aldatzearen beharraz ahoa betetzen zain bitartean, ez dute ezer egin hondakin industrialen kudeaketa eredua aldatzeko.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak baieztatu berri du Zubietako erraustegira eramango direla hondakin hauek. Berak esana da hondakin hauek Zubietara eramango direla balorizazio energetikoaren bitartez elektrizitatea sortu dadin. Hondakinen kudeaketan “balorizazio energetikoa” erraustegia zuritzeko erabiltzen den eufemismoa da. Baina ez gaitezen engaina, elektrizitatea sortu edo ez, hondakin hauek erre egingo dira. Hondakin hauek erretakoan nonbaitera eraman beharko diren errauts toxikoak sortuko dira, eta tximiniatik dioxina eta furanoak igorriko dira inguruko lurretan eta petsonen gorputzetan pilatuz. Badaude elektrizitatea sortzeko bide iraunkor eta berriztagarriak. Aukera hau onartezina da. Ez al dute ezer ikasi Zalbibarren gertatutakoarekin?

Hondakin industrialen kudeaketari dagokionez, sortutako guztia erretzea ez da alternatiba. Kudeaketa egoki bat egiteko prozesu industriala oinarritik hasita aldatu behar da. Zein material erabiltzen diren, nola transformatzen diren eta hondakinak nola berrerabili daitezkeen aztertuz eta aldaketak eginez. Honek inbertsioa eta aldatzeko nahia eskatzen du. Argi dago patronalak ez udela inongo asmorik irabazirik suposatuko ez dion ezertan denbora eta dirua uzteko. Baina instituzio publikoek pertsonen onura begiratu behar dute eta ez enpresaburuen irabaziei mesede egitea. Azken asteetan Europako Fondoak nora bideratuko dituzten argitara eman dute, eta kasualitatea, gehienak multinazionalei bideratuko zaizkie. Hori bai, fondo horiek onartzeak suposatuko dituen kalteak denok sufritu eta ordaindu beharko ditugu. Hondakinen kudeaketan ere berdina gertatzen da, gutxi batzuen mesederako pentsatutako eredua da, baina kalteak herritarrok ordaintzen ditugu, tamalez sarritan gure osasuna eta biziarekin.