Zer ari da gertatzen argindarraren fakturarekin? (iritzia)

Norbaitek ulertzen al du elektrizitatearen faktura? Berdin da zein konpainiarekin dugun kontratua, pertsona gehienon begietara ulertezina da faktura. Artikulu honek ez du helburu gure faktura azaltzea, gustatuko litzaiguke. Momentu honetan ez dakigu hurrengo hilabeteetan nola fakturatuko den ere. Erreforma garaian gaude (bat gehiago) eta pista batzuk bakarrik ditugu.
Baina goazen egoera honen hasierara, edo behintzat elektrizitatearen gehiegizko prezioaren arrazoietako batzuk ezagutzera. (2006 eta 2013 artean argindarraren igoera %70ekoa izan da). Zer gertatuko da apirileko fakturan indarrean egongo den erreformarekin?.
Denok entzun izan dugu tarifa defizitari buruzko zerbait. Argindarraren prezio altuaren arrazoietako bat da. 2002an urteko %2ko igoera baino handiagorik egongo ez zela erabaki zen. Teorian, honek ez zituen produkzio kosteak ordaintzen, eta zorra metatzen joan da. Inoiz auditatu ez den zorra da, ez dagoelako hori egingo duen mekanismo gardenik. Pertsona askok uste dugu benetan ez dagoela defizitik, eta hau aitzakiatzat hartuta irabazi galantak izaten dituztela. Hau da, elektrizitate enpresek ez dute gutxiago kobratzen, kontsumitzaileok gehiegi ordaintzen diegu. Gainera, enpresa hauek zor hori kobratu dute, zorra baloreen merkatuan saldu baitzuten eta orain inbertsio banku atzerritarrei zor diegu gehienbat.
Kilobatio bakoitzak ez du produkzio koste bera izaten. Ez da berdina ziklo konbinatuko zentral batean ekoiztea edo zentral hidroelektriko edo fotovoltaiko batetik etortzea. Hala ere, argindar dena berdin ordaintzen dugu, garestienaren prezioan. Elektrizitate enpresek produkzioan aurrezten dutenak ez du eraginik gure fakturan, berain irabazien gorakadan baizik. Defizita ez da produkzio kostuen islada, irabazi mamitsu bat da.
Beste kontu bat, gure kontsumoagatik ordaintzen duguna. Gaur egun fakturaren hazkundea bere atal finkoan ematen da, ez kontsumoan edo atal aldagarrian. Hau da, berdin da energia kontsumoan aurreztea fakturak behera egingo duela pentsatuz, gastuaren %60a ezin dugu kontrolatu. Eta honek pobrezia energetikoa areagotzea ekarriko du. Gaur egun pobrezia energetiko egoeran daudenen kopurua gora doa, ez dugu datu askorik baina ditugunak oso esanguratsuak dira: espainiar estatuan 2 milioi daude pobrezia energetiko egoeran, eta Gipuzkoan adibidez biztanleen %7a dira.
Baina zer da pobrezia energetikoa? Familia bat ondorengo kasuetako batean dagoenean:
- Ezin dutenean energiaren faktura ordaindu edo etxeko diru sarreren zati handi bat fakturaren ordainketara bideratu behar dutenean (%10a baino gehiago).
- Etxebizitzaren tenperatura egokia mantentzeko ahalmena galdu denean (21ºC egongelan eta 18ºC beste gela guztietan).
- Etxebizitzak hezetasunak edo itoginak dituenean.
Pobrezia energetikoaren eragile zuzenenak diru sarreren jaitsiera, energiaren prezioaren igoera eta etxebizitzen efizientzia energetiko baxua dira. Ondorioak ere oso larriak dira. Pobrezia energetikoa gaixotasun fisiko eta mentalekin erlazionatzen da talde kaltetuetan (60 urtetik gorakoak eta emakumeak), bihotzeko eta biriketako gaixotasunengatik hildako kopurua handituz. Hainbat estatistiken arabera, esan daiteke urtero espainiar estatuan 1.900 hildakok zerikusia izan dezaketela pobrezia energetikoarekin (errepide istripuz hiltzen direnen kopuruaren antzekoa).
2013ko abendura arte elektrizitatearen prezioa enkante bidez ezartzen zen. Enkante sistema ekoizleek kontrolatzen zuten eta argindarraren prezioarekin nahi zutena egiten zuten. Azken honetan, 2014ko urtarrilerako %11ko beste igoera bat ezarri zen. Baina enkante hau Rajoyren gobernuak bertan behera utzi zuen eta erreforma bat iragarri zuen. Erreforma honek beste gauza batzuen artean argindarraren azken prezioa ezartzen duten enkanteak bertan behera utziko ditu, baina ez du faktura argituko, eta gutxiago prezioa jaitsi. Egin den proposamena elektrizitateak momentuan daukan prezioaren arabera ordaintzea da. Baina horretarako beste modu bateko kontagailuak behar ditugu eta orain bertan kontsumitzaileen %10ak bakarrik ditu. Ez badugu horrelako kontagailurik, tarifa finko bat ezarriko zaigu, garestiagoa izango dena noski. Eta ez dakigu zer gehiago egingo duten, argi daukaguna zera da, elektrizitate enpresak izango direla onuradunak, horretarako erreforma hauek erabakitzen dituzten politikariak enpresa hauen administrazio kontseiluetan jubilatzen dira.
Egoera jasanezin honen aurrean “Energia Eredu Berri Baten Aldeko Plataforma” aurkeztu da. ELAk parte hartzen du plataforma honetan. Bere helburua energia ereduaren aldaketa bultzatzea da, eredu hau energia berriztagarrian oinarritzea eta denok energia eskuratu ahal izatea da. Egungo sistema energetikoari aurre egin nahi diogu, multinazional gutxi batzuei mesede egiten dien eta bitartean pobrezia energetikoa etengabe zabaltzea posible egiten duen sistemaren aurka. Mobilizazioa ezinbestekoa da aldaketa hau aurrera eramateko, eta dagoeneko euskal hiriburu guztietan pobrezia energetikoaren aurkako kontzentrazioak egin dira eta hurrengo mobilizazioen berri ere emango dizuegu.