Zertarako egingo da Durbaneko COP 17a? (iritzia)
2009an Copenhaguen izan zen eta 2010ean Cancunen. Beste urte bat pasa da klima aldaketaren aurkako borrokan, eta azken hau ere alferrikakoa izan da herrialdeen arteko negoziazioetan, baina denbora ez da alferrik pasatzen eta klimaren egoera gero eta okerragoa da.
Azken 50 urteetan munduko batez besteko tenperatura 0,5 gradu igo da, eta igoera horren %90aren erantzule gizakiaren jarduera da. 2010eko gas isuriak 2009koekin alderatuz %1,4 igo dira. Tenperatura 2 gradu baino gehiago igotzen bada itzulezinak izango diren ondorioak jasan behar izango ditugu: glaziarrak desagertu, kostaldea eta estatu-irla batzuk ozeanoaren azpian geratu, uholdeak gehitu, biodibertsitatea murriztu,... Honen ondorioz jarduera ekonomiko ugarik ere porrot egingo dute.
Herrialdeen arteko negoziazioen muina berotegi efektuko gasen murrizketan datza. Herrialde industrializatuek (Amerikako Estatu Batuek ezik) loteslea den Kiotoko Protokoloan beraien emisio murrizketak zehaztu eta betetzera konprometitu ziren. Itun honen balio epea 2012ko abenduaren 31n agortzen da eta urtebete baino gutxiago falta denean, oraindik konpromiso hauek ez dira bete. Aurreko konferentzietan egin ez zena eta Durbanen egin beharrekoa 2012tik aurrera balioko duen itun lotesle berria da, baina adostasunik ez dago nork parte hartu behar duen eta zenbateko emisio murrizketak egin behar direnean, ezta itunaren izaera loteslean ere. Nazio Batuen Erakundeko zientzialarien arabera 2013-2020 eperako %25 eta %40 bitarteko murrizketak egin behar dira planetaren tenperatura 2 gradu baino gehiago ez berotzeko.
Mendebaldeko herrialde industrializatuek ez dituzte murrizketa hauek onartzen eta baxuagoak proposatzen dituzte, beti ere borondatezko akordio batekin eta ez Kiotok zuen izaera loteslearekin. Garapen azkarra duten herrialdeek (Txina, India, Brasil eta Hegoafrika) ez dute konpromisorik onartzen, orain arte herrialde industrializatuek nahi beste kutsatu dutela eta beraiek ere garatzeko (eta kutsatzeko) eskubidea dutela aldarrikatzen dute. Hazkunde ekonomikoa da aurreko bi talde hauetako herrialdeen lehentasuna klima aldaketari aurre egitearen gainetik. 42 estatu-irlak osatzen duten AOSIS taldeko herrialdeek ordea, neurri zorrotzagoak eskatzen dizkiete, beraiek baitira dagoeneko klima aldaketaren ondorioak jasaten ari direnak. Dagoeneko argi daukagu botere borroka honetatik ez dela ezer aterako.
Negoziazio guzti hauetatik atera behar dena Kiotoko Protokoloari 2013-2020 epean jarraituko dion anbizio handiagoko itun loteslea da, benetan beharrezkoak diren murrizketak jasoko dituena eta herrialde guztiek bete beharrekoa. Garapen handia izaten ari diren herrialdeek ere (Txina, India, Brasil,...) konpromisoak hartu behar dituzte beraien hazkundea etengabea baita, eta beraien emisioak ere handiak baitira. Ez da nahikoa energia eraginkortasuna bultzatzea, emisio kopurua hain handia denean.
Baina kontuan izan behar da mendebaldeko herrialde industrializatuek historian zehar kutsatu dutena. Horregatik, beraiek dira gaur egungo klimaren egoeraren arduradunak, munduan klima aldaketaren ondorioak pairatzen ari direnei lagundu behar dietenak. Ez bakarrik murrizketekin, baita kalteak konpontzen eta etorkizunera begira egoerara moldatzen eta garapen justuago bat izaten ere.
ELAren ustez benetan egoerari buelta eman eta emisioak gutxitzeko eredu ekonomikoa eta energetikoa errotik aldatu behar da, erregai fosilak erabiltzeari uztea (ikatza, petrolioa eta gasa), eta horretarako ezinbestekoa da energia berriztagarrien garapena eta mugikortasuna gutxitzeko merkatu globalak lokalagoak bihurtzea. Gure produkzio, banaketa eta kontsumo eredua guztiz aldatu behar dugu, lehengai gehiegi erabiltzen baititugu eta hondakin kopuru handia sortzen baitugu. Ahalik eta modu garbienean produzitu, mugikortasun gutxiagorekin eta modu arduratsuan kontsumituz; hobeto bizitzeko ez da gehiago kontsumitu behar. Modu honetan bakarrik lortuko da benetako emisioen murrizketa eta klima aldaketa geldiaraztea, soluzio faltsuak alde batera utzita.