HONDAKINEN KUDEAKETA

Zubietako erraustegiaren inguruan dioxina kopurua areagotzen ari da urtez urte

2023/11/09
Toxic Watch Fundazioko ikerlariek eginiko azterketaren emaitzen arabera, Zubietako erraustegiaren inguruan aztertutako pinu, goroldio, sedimentu, elikagai eta uretan dioxina eta beste toxiko batzuen kopuruak urtez urte handitzen ari dira, kasu batzuetan Europar Batasunak ezarritako mugak gaindituz.

Ikerketa lan hau 2019an hasi zen, Zubietako erraustegia martxan hasi aurretik. Orduan hartu zituzten lehen laginak eta ondorengo urteetan erraustegia martxan egonik hartu diren laginekin ari dira alderatzen. Azterlan hau erraustegia martxan jarri aurretik hasteko aukera Europako erraustegi oso gutxitan egin ahal izan da eta horregatik da hain garrantzitsua Zubietan egiten ari diren lana. Duela egun gutxi bukatu dituzte 2023ko laginak hartzeko lanak eta hurrengo urtean hartuko dituztenekin 2019-2024 epeko txostena osatuko dute.

2022an jasotako laginen arabera, inguruan dagoen Arkaitzerrekako sedimentuetan metal astunen hazkundea atzeman da. Pinuen hostoetan eta goroldioetan dioxina kantitatea gorantz doa, 12 aldiz handiagoa da kopurua. Elikagaietan egin diren neurketek kezka berezia sortu dute. Errautegiaren inguruko bi baserrietan neurtu dituzte dioxinak arraultzetan, eta 2022an kopurua jaitsi egin den arren, oraindik oso altuak dira, ez bailirateke agertu ere egin behar, eta Europar Batasunak ezartzen duen mugaren gainetik daude.

Sustantzia perfluoroalkilatuak eta polifluoroalkilatuak (PFAS) ere topatu dituzte arraultzetan, goroldioetan eta sedimentuetan. Gai kimiko hauen erabilera oso zabaldua dago hainbat produkturen ekoizpenean eta ingurumen eta osasun eragin kaltegarriak frogatuta daude: minbizia, tiroideetako gaitzak, gibeleko gaixotasunak edota antzutasuna esaterako. Europako beste herrialde batzuetan onartzen ari dira PFAS hauek ezin direla erraustegietan ezabatu eta inguruko lurretan aurkitzen ari direla. Erraustegiak sustantzia hauen igorle direla frogatzen bada, hondakin politikan ondorioak izan beharko lituzke.

Baina Gipuzkoan hondakin politikaren arduradun direnek, GHK eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, kutsadura maila hauen aurrean neurriak hartu beharrean, Toxic Watchek emandako datuak gezurtatu ditu eta Zubietako erraustegia instalazio eredugarria dela esan du. Baina ez ditu aipatu epaitegietan ikertzen ari diren erraustegiaren balizko arau hausteak, gehienak ingurumen araudia ez betetzearekin eta eragindako kutsadurarekin lotuta daudenak.

 

Toxic Watchen txosten osoa