100.000 bizi etxerik gabe, noiz arte?

2023/01/12
ELAko Ekintza Sozialeko Taldea
Etxebizitzaren arazoaz asko hitz egiten den arren, 2022a joan zaigu eta estatuko Etxebizitza Legeak onartu gabe jarraitzen du, eta ez dirudi epe laburrean onartuko dutenik, ez behintzat alokairuen prezioa mugatzeko eta etxegabetzeak geldiarazteko. Beste behin ere, Espainiako Gobernuak ez du akordiorik lortzeko gaitasunik izan langileon eskubideak bermatu eta kapitalari galga jartzeko.

Hainbat eremu politiko eta mediatikotatik etxebizitzaren auzia darabilte jendartean beldurra zabaltzeko gaizki deituriko okupazioaren bidez, periferietako kolektibo pobretu, migratu eta arrazializatuak kriminalizatuz, segurtasunaren (hots, izuaren) merkantilizazioan diharduten enpresen etekinak puzteko. Inor gutxiren harridurarako, Securitas Direct enpresak 820 milioi eurorekin bere fakturazio errekorra hautsi zuen 2020an.

Hain zuzen urte berean, konfinamendua tarteko, hasi ziren eskuin politikotik eta haren sokako hedabideetatik beldurraren estrategia antolatzen, ogia erostera joan eta bueltan etxea okupatu ahal zigutenaren mamua elikatuz. Pobrezia kriminalizatzeko beste kanpaina bat gehiago zen, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen aurkako gezur ustela. Datuetan jarriz: Espainiar estatuan 3 milioi etxebizitza huts daude, horietatik soilik 4.000 daude okupatuta (%0,1), 4.000 horietatik soilik 600 ez dira bankuen edo inbertsio funtsenak (%0,01) eta 600 horietan bat bera ere ez da lehenengo edo bigarren etxebizitza bat, alokairura bideratutako pisu hutsak baizik.

Horrek erakusten du datuak puztu egiten direla benetan existitzen ez den arazo bat saltzeko. Benetako arazoa hemen pobrezia eta desberdintasunak areagotzen ari direla da, eta horrek izugarri zailtzen duela etxebizitza bat eskuratzea. 2022ko apirilean, ELAk Hego Euskal Herriko etxebizitzari buruzko txosten bat argitaratu zuen. Txosten horretan jasotzen zen gure lurraldean 80.000 etxebizitza huts baino gehiago dauden bitartean, ia 100.000 pertsonek ezin dutela emantzipatzeko etxebizitzarik eskuratu. Ez da harritzekoa, kontuan hartuta EAEn eta Nafarroan etxebizitza-politika publikoetara bideratzen den BPGaren ehunekoa 0,20 eta 0,29 dela, hurrenez hurren.

Etxebizitza publikorik ez dagoenez, 1.500 pertsona inguruk kalean bizi behar dute Hego Euskal Herrian. Zifra hori handitzeko arriskua areagotuz doa Espainiako Gobernuak Sareb bankua (“banku txarra” bezala ere deitua) Blackstone eta Hipoges funts putreen eskuetan uztearen ondorioz. Gurean ere, duela bi hilabete Kaleratzeak Stop-ek salatu zuen Kutxabankek 2.500 hipoteka-zor saldu zizkiola Irlandako funts putre bati 250 milioi euroren truke. Kutxabankek kobratu ezinezkotzat jotzen dituen hipotekak dira, eta dagokiona baino askoz merkeago saltzen ditu. Gainera, zorra jasotzen duen funtsak ez dauka banku-jardunbide egokien kodea bete beharrik. Horrela, etxegabetzeko arriskua handitu egiten da. Hori bada euskal marka, ez dugu nahi.

Etxebizitza eskuratzea zaildu egiten zaie, batez ere, emakumeei eta migratzaileei. Emakumeek, soldata-arrakala medio, gizonek baino 6.000 euro gutxiago kobratzen dute urtean, hau da, bataz beste 6 hilabeteko alokairuari dagokiona. Migratzaileak azal koloreagatik, azentuagatik edota janzkera hutsagatik ez dira ongietorriak higiezinen agentzietan. Migratzaileen % 17k baino ez du lortzen etxebizitza bat higiezinen agentziaren bidez eskuratzea.

Hori guztia, etxebizitzaren eta espazio publikoaren merkantilizazioan sakontzeko tresna den turistifikazioa aldarrikatzen duten bitartean, baita honen ondorio den ekonomiaren tertziarizazioa ere (enplegu gehiago zerbitzuen sektorean, non soldatak baxuagoak diren eta kanpo-kapitalarekiko mendekotasuna handitzen den, gure subiranotasuna murriztuz). Horrela elikatzen da gentrifikazio deritzen zentrifugatzaile soziala, Donostiako alkate Eneko Goiak zioen bezala: Zure auzoan zahartu nahi izatea “exquisito” samarra da.

ELAk etxebizitza alorrak jasaten duen eraso merkantilista salatzen du, bai eta antolaketaren eta protesta sozialaren bidez gaitz honen aurka diharduten eragileen aurkako oldarraldi juridikoa ere. PSOEk eta ERCk aurkeztutako eta Podemosek, EAJk eta EH Bilduk babestutako Zigor Kodearen gogortzeak, besteak beste, etxebizitza duin baten aldeko borroka mugatzen eta kriminalizatzen du, bankuen eta putre funtsen jabetza pribatuaren lukurreriari ateak parez pare irekiz.

Bidegabekeria honen aurrean eta klase sindikatu bezala, lan baldintzekin bat, bizi baldintza ororen defentsan, ELAk bere konpromisoa adierazten du aldarri berak konpartitzen dituzten eragileekin aliantzak josten jarraitzeko, antolakuntzaz eta kaleak betez, gehiengo sozialaren aurka diharduen botere politiko eta enpresarialari aurre egiteko.