18/98, justizia politikoa bete-betean (Astekaria 154, editoriala)

2005/03/01

ELAk bat egin du 18/98 auzian epaitegira eraman dituzten herritarren eskubideen alde Bilbon deitutako manifestazioarekin. "Espainiako justizia" izeneko aparatu politiko baten erabakiz Auzitegi Nazionala da horren adibiderik garbiena, dozenaka lagun epaitu egingo dituzte ETAren menpeko edo baitako hainbat talde, enpresa eta erakundeetako kide izatea leporatuta.

Zigor-epaibidearen oinarriak erabat ahaztuta funtsezko eskubide eta askatasun demokratikoak urratzen ditu. Mayor Oreja, Acebes eta Aznarren gidaritzapean Garzonek landu duen tesiaren arabera, dagoeneko ETAko kide eta beraz, espetxe-zigorrik gogorrenak jasotzeko hautagai ez da tiroka dabilena, komandoei laguntza eman diena edota enpresaburuengandik mehatxupean dirua eskatzen duena; aski da erakunde armatuaren helburu politikoekin bat datorren edozein taldetan parte hartzea, edo haren kide izandakoei espetxeetan laguntzeko biltzea.

Betiere, helburu politiko horien nondik norakoa epaileen esku geratzen delarik, polizia-indarrek emandako txosten eta informazio "zehatzak" oinarritzat hartuta. Eta zigor-prozedura azpikoz gora jarrita: Garzonek esan duenez, orain epaitzekoak diren horiek, talde jakin batzutako kide izanik, ETAko ez direla frogatu beharko dute. Beraz, zuzenbide penalaren bi zutabe, banakoaren ardura ez dago erru kolektiborik eta froga akusatzaileak eman behar duela, Auzitegi Nazionalak ez ditu aintzat hartuko.

Larria da gero, Europako Batasunean, hots, askatasuna eta lege-arau zuzenak ardatza ei diren esparru juridiko horretan, honelako epaiketa politikoa egin eta ez estatuan, ez Europa mailan, eskubideak zaindu beharko lituzketen erakundeek inolako kezkarik ez agertzea. Euskal gizarteak, aldiz, kalean agertzen du bere iritzia eta, noski, protesta. Eskubideak osorik eta guztientzat nahi dituelako.