1994an posible izan zen; gaur izango ote da?

2018/10/16
Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusia
PSOE eta Unidos-Podemosen arteko akordioak gauzak aldatzeko aukeraren bat ematen du, nahiko genukeen puntura iristen ez bada ere. Adibidez, Aurrekontu-Egonkortasunerako Legea eta beronen garapena indargabetu behar ziren. Horixe eskatu zion Unidos-Podemosek PSOEri, baina ez da akordioan jaso. Horretan -eta oso garrantzitsua da- doikuntza neoliberalaren politika gailendu da; bere ondoriorik behinena da zergatan biltzen den dirua gehituagatik ezin izango dela beharrizan sozialetara bideratu. Zorioneko gastu-arauak, esaterako, galarazi egiten du pentsio publikoetarako behar adina diru bideratzea. Izan ere, Sanchezek Unidos-Podemosekin akordioa eginda EBri igorri dion aurrekontu-proiektuan aurrekoan aurreikusten zen diru kopuru bera jaso da.

Akordioan beste gai bat ere ez da behar bezala jaso: erreforma laboralaz ari gara. Areago, kontutan izanik PP gobernuan zegoenean bi alderdiek indargabetzeko asmoa adierazi zutela. Haatik, akordioaren mamia horretatik urrun geratu da.

Kontua da iritsitako adostasun askok ez duela zerikusirik Aurrekontuekin. Gaiok aurrekontuen eztabaidatik at daude berez: gutxieneko soldata (LAGS), lan erreforma... Hau nabarmendu beharra dago, Aurrekonturik ez bada onartzen gai horiei beste bide batzuetatik heltzeko modua bai baitago.

Beste gai batzuetan izan dira aurrerapausoak. Esaterako, 900 eurotan finkatu nahi duten LAGSari dagokionez. Baina ez da komeni honekin Estatuan tabula rasa egitea, ez baita gauza bera Hego Euskal Herrian eta beste nonbait bizitzea. Errespetu osoz esaten dugu; bizimodua gurean garestiagoa da, eta bizi-maila ere ez da beste leku batzuetan dagoenaren parekoa. ELAk aldarrikatu zuen Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldatak 1.200 eurokoa izan behar zuela. Nolanahi ere, ELAk aintzat hartzen du proposatu den igoera. 2017ko abenduan CCOOek eta UGTk CEOErekin eta PPrekin 2019rako adostu zuten kopurua baino 127 euro gehiago da, hots, % 16 gehiago. Aipatutako akordioan 773 €ko soldata ezarri nahi zuten, baina betiere aldagai ekonomiko jakin batzuk betetzen baziren (BPG...). Orain ezarri den 900 euroren zenbatekoak argi uzten du patronalaren neurriko hiruko elkarrizketa ezdeusa dela; ugazabek ohartarazi dute horrelako akordioek “elkarrizketa soziala zalantzan jartzen” dutela.

Akordioak ez du ezer esaten euskal langileentzat berebiziko eragina duen kontu batez, Zapateroren lan erreformarekin lotuta dagoen negoziazio kolektiboaren estatalizazioaz alegia. Honi amaiera eman behar zaio, CCOO, UGT zein espainiar patronalari ematen zitzaien ahalmena (euskal gehiengo sindikal eta patronalei lan-hitzarmenak negoziatzea galarazteko aukera) bertan behera utziaz. Goitik ezarritako debeku horrek lan-baldintzak zeharo pobretzen ditu. ELAren helburua ez da Estatu mailako hitzarmenik ez negoziatzea; galdegiten duguna da akordio estatal horiek ez dezatela debekatu euskal sektore eta enpresetan, gure negoziazio kolektiboaren eremuetan, baldintza hobeak negoziatzeko aukera.

Bada, berriz ere Madrilgo matematika parlamentarioaren poderioz aldaketa horiek -baldin eta proposatzen badira- aurrera atera daitezen euskal diputatuen botoak beharrezkoak izango dira. 1994an gertatu zen bezalaxe.

Aste honetan ELA Diputatuen Kongresura joango da PSOE, Unidos-Podemos, PdeCAT, ERC eta EH Bilduren talde parlamentarioekin bilerak egitera. Guk berriro eskatuko dugu lan- eta pentsio-erreformak indargabetzea, eta zinez uste dugu badirela baldintzak negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bertan behera gera dadin. Eskari hau bidezkoa ez ezik demokratikoa da. Bidezkoa, Hego Euskal Herrian lan-baldintzak hobetzeko baliagarria delako, eta demokratikoa, euskal gehiengo sindikalak espainiarrengandik desberdinak direlako, eta aintzat hartu behar direlako. Horregatik esaten du ELAk errespetatu behar direla joko-arau demokratikoak eremu sindikal, sozial eta politikoan, Lan Harremanen Euskal Markoa gauzatuko bada. Askatasun sindikalerako eskubidea ez da benetan gauzatzen negoziazio kolektiborako ahalmena bermatzen ez bada.

Zoritxarrez, saiatu arren, gaurkoz ezin izan dugu finkatu EAJrekin bilera egiteko hitzordurik. 1994an ELAk oso ondo iritzi zion Madrilen jeltzaleek egin zuten lanari, lortu baitzen euskal eremuko negoziazio kolektiboari lehentasuna ematea, Estatuan erabakitzen denarekiko. Gaur gauza bera ari gara eskatzen. Euskal parlamentarioei benetan axola badiete lan-baldintzek, askatasun sindikalak eta gure herrian negoziazio kolektiboa garatzeko eskubideak aukera ederra dute hala adierazteko. Benetan eskertuko genuke.