19ko grebaren inguruko kezkak

2002/07/01

Ekainaren 19ko deialdia zela-eta, sindikatu abertzaleok hartutako erabakiak zatiketa zekarrela entzun dugu han eta hemen. Kritikak onartzera behartuta gaude gizarte-eragileok; are gehiago, kritika horiek, hainbat kasutan gertatu den bezala, aurkako aurreiritzirik gabe egin direnean. Halere, gure aburuz kritika horiek bi deialdiren artean aukeratu beharrak iritzi emaileen baitan -beste herritar askorengan bezala- sortutako egonezina islatzen dute areago, 19ko deialdiaren arrazoien aurkako argudioak baino.

Erosotasunari eta lasaitasunari erreparatu bagenio ELAk ekainaren 20ko deialdiarekin egingo zukeen bat. Gure militanteek askoz lan gutxiago egin beharko zuketen, eta 20an Euskal Herrian, ñabardurak ñabardura, Aznarren aurkako erantzuna biribila izango zatekeen.

Alabaina, argazki horrek, guztiok lasai utziagatik, ez zukeen greba deitu zuten erakundeen arteko harremana islatuko. Aitzitik, deialdi bateratuak bi ondorio nagusi ekar zitzakeen: sindikatu espainolak hain maite duten ‘kontzertazio’ra itzultzea, eta CCOOek zein UGTk Madrilen bultza duten erreformaren zati bat, enplegu politika erabat zentralizatzen duena, oharkabean igarotzea.

Baina borondate ona adierazi eta anaiarteko jai biribilaren ostean, non geundeke batzuk eta besteok? ELAren iritziz, sasi-harmonia hori aurrera egiteko baino atzera egiteko izango zen; horregatik hartu zuen greba 19an deitzeko erabakia. Lantegi eta kaleetan nabariak ziren emaitzek frogatzen dutenez, langile askok eta askok ulertu zuten.