“Egonkortasuna”... politika antisozialak ezartzeko

2018/06/05
Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusia
Jorge Sendagorta Sener enpresaren buruak elkarrizketa batean esana: “Euskal Herrira inbertsioak erakartzeko bi arazo daude: ondarearen gaineko zerga eta tentsio sindikala (…) Esan diot Bizkaiko Diputatu Nagusiari enpresari batzuk Madrilen bizi direla astelehenetik ostiralera, eta asteburuan etxeratzen direla”. Horrela saihesten dute Ondarearen gaineko zerga ordaindu beharra. Bestalde, Sendagortari galdetzen diote ea inoiz kanpoan inbertitu zuen giro sindikalagatik, eta erantzuna baiezkoa da; bere esku zegoen ITP taldeak Mexikon eta Indian inbertitu omen zuen “arrazoi sindikal hutsengatik”. Gezurretan ari da, baina xantaia hor geratzen da. Enpresaburu hauentzat zergak eta sindikatuak sobera daude, eta gure gobernuek saritu egiten dituzte. Mundu ekonomikoak ez du ezkutatzen instituzioei agenda markatzen diela.

Sendagortaren arabera, eskatzen duen “egonkortasun” politikoa da gobernuek berak nahi duena egitea. Elkarrizketa guztian ustelkeria ez da behin ere aipatzen, ez baitu kezkatzen. Sendagorta bat dator Joseba Egibar jeltzalearen iritziarekin; duela zenbait hilabete EAJ eta PPren arteko akordioei buruz galdera egin ziotenean, honakoa esan zuen: “ustelkeriak ez du PP ezgaitzen politika egiteko”. Poztekoa da Egibarren ustearen kontra ustelkeriak behingoz PP jokoz kanpo utzi izana; poztekoa litzateke ere behin betiko amaituko balira alderdiek gobernuetatik sortzen dituzten sare klientelarrak, gizartean gune kritikoak indargabetzeko asmotan. Ez dago gizarte demokratikorik kultura, hedabideak, pentsalariak, gizarte-mugimenduak, sindikalismoa... diru-laguntzetatik bizi badira; hauek ematen dira hain zuzen kritika desagerrarazteko.

EAJ oso baldintzatuta iritsi zen zentsura moziora. PPren aurrekontuak babestu ondoren, jeltzaleek uste zuten legegintzaldirako bidea leuna izango zela. Akordio haren esanahia zen “Madrilen nik zu babestuko zaitut, eta EAEn zuk ni”. Azken unera arte saiatu ziren aliantzari eusten; izan ere, horrela seguru baitzuten gehiengoa EAEn aurrekontuak eta zerga-politika aurrera ateratzeko. Haatik, Podemosek esan zuenean Sanchezen mozioak porrot eginez gero beste bat proposatuko zuela, eta jakitean PdeCATek eta ERCk Rajoyren aurkako botoa emango zutela, bere plana lehertu egin zen. EAJk ez zuen inola ere Rajoyren sostengu bakar gisa agertu nahi. Bertigoak jota, Moncloako maizterra botatzea beste irtenbiderik ez zitzaion geratu.

Rajoy badoa, baina zoritxarrez horrek ez du esan nahi espainiar politikan hain aipatua den “ziklo aldaketa” izango denik. Krisiak erakutsi digu ez dela gauza bera agintzen duten alderdiak aldatzea eta politika berriak erabakitzea. PSOE oso egoera ahulean dago, kanpotik (botere ekonomikotik) zein barnetik datozkion presioen ondorioz (baroiek ez dute erregenerazio demokratikorik nahi): hala gizarte-politikan (PSOE izan zen zorraren ordaina lehenesteko Konstituzioko 135. artikulua aldatu zuena eta EBrekin hitzartutako Egonkortasun Planak agintzen dituen doitze politikak ezarriko dituela hitz eman duena), nola Estatuaren lurralde-ereduari dagokionez (155ari babesa eman zioten, eta agindu izan dutenean neozentralismoa bultzatu dute). Izan ere, PSOEk politika egingo du PP, Ciudadanos eta EAJren aurrekontuekin. Laster berriro geratuko da agerian, “gastu muga” planteatzen denean.

EAEn, berriz, EAJren beste sozioa PP da. EAJ eta PSE-EEk DSBE erreformatzeko proposamena egin dute, laguntza zeharo murriztu nahian. Baina kontua da murrizketa gogor horiek Legebiltzarrean aurrera aterako badira PPren babesa behar dutela.

Zer gertatuko da PPk botorik ematen ez badie? EAJk beste laguntzaile batzuk bilatuko ditu politika horiek gauzatzeko. Espero dugu ezkerrak aintzat hartuko duela Karta Sozialak parlamentura eraman duen herri-ekimen legegilea, DSBEari eta etxebizitza eskubideari buruzkoa. EAJk ahaleginak egingo ditu “egonkortasuna” bilatzeko, hots, Sendagortak, Confebaskek eta Urkulluk nahi dituzten doikuntza politikak aplikatu ahal izateko. Espero dugu ezkerra ez dela saiatuko mapa politikoan bere burua hobeto kokatzen babesa euskal eskuinari emanaz.

Eskuin ekonomikoak eta politikoak uste du desberdintasun gero eta handiagoa berezko egoera naturala dela, eta krisiak eragin duen harrapaketa pairatu duten galtzaileak direla beren zoritxarraren errudun: hala da eta ezin da bestela izan. Botere ekonomikoak gobernuei presio gogorra eragiten diete. Hainbesteko eragina izan ez dezaten ezkerrak uste osoz jokatu behar du, indartsu agertu. Izan ere, hala ez bada Sendagortak erabakiko baitu bertoko zerga-politika -PP eta Ciudadanosek Madrilen egiten dutenaren modukoa- eta DSBEa, gurean hainbeste jendek behar duena.