"Zurekin goaz"

2018/09/10
Txiki Muñoz - ELAko Idazkari Nagusia
Hala dio gure esloganak, eta hori da gure konpromisoa. Irailetik aurrera hauteskunde sindikalak bata bestearen ondotik etorriko dira hainbat eta hainbat lantokitan, langileen ordezkariak berritzeko garaia heldu baita. ELAk datozen hauteskundeetan aurkezteko duen sinesgarritasuna orain arte egindako lanak eman dio, hala uste dugu guk behintzat. Sindikalismorako girorik ez bada ere, ELAk aurpegia eman du lan- eta gizarte-eskubideengatik. Sindikatu batek egin behar duena egina dugu.

ELAren ahaleginei esker sartu dira negoziazio kolektiboan bestela sartu ez ziratekeen gaiak eta edukiak. Nahikoa da beste lurralde batzuetara begiratzea horretaz berehala konturatzeko. Erreformen aurkako klausulak —hitzarmenen aplikazioa ziurtatzekoak—, hitzarmenetan atzerapausorik ez onartzea, KPItik gorako soldata-igoerak, prekarietatearen kontrako akordioak... horiek guztiak ELAren ekimenak izan dira.

Hala da, prekarietatearen aurkako borroka benetako goiburua izan da lantoki askotan. Haietan guztietan ELAk eta bere ordezkariek bazekiten KPIren pareko igoerekin lankideek soldata ziztrinak jasoko zituztela urte luzetan. Horregatik, hain zuzen, prekarietate-gune horietan ELAk %8, %15, %20 eta are %40ko igoerak ere eskatu eta lortu ditu. Esan beharrik ez dago beste sindikatuei ezta bururatu ere ez zaiela egin horrelako eskakizunik plazaratzea.

Hainbat sektoretan ELA izan da borroken lekukoa eta gidaritza eraman dituena; horra hor, lan-subrogazioaren eskubidea eta ultraaktibitatea aldarrikatzeko borroka, edota esternalizazioaren ondoriozko zapalkuntza salatzekoa.

Eta, horren harira, bereziki azpimarratzekoak dira emakume-aurpegiko borrokak, non ELA bultzatzaile nagusia izan den. Borroka horietan elkartu dira sindikalismoaren eta borroka feministaren alderdirik onenak, antolamendu-jauzi ausart bat egiteko, eta sektore feminizatuetan aritzen diren emakumeak ahalduntzeko. Sektore horiek, zer esanik ez, prekarioenak izan ohi dira, zeren eta emakumeentzat, zainketa-lanen jarraipen moduan, pentsatuak izan baitziren. Borroka eredugarriak eta lorpen ikusgarriak.

Gainera, etorkinen berdintasuna aldarrikatzeko borroka sindikal eta sozialetan ere parte hartu izan du ELAk.

Azken lau urteotan ELAk Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparruaren aldarria zabaldu du. Eta horren ildotik aurre egin diogu negoziazio kolektiboaren estatalizazioari eta hauspo eman gizarte-prestazio duinak eta unibertsalak aldarrikatzeari.

ELA lehen lerrotik borrokatu du, halaber, murrizketa sozialen aurka. Zeren langileen kezkak ez dira enpresako atean amaitzen, badira beste hainbat, esaterako: osasuna, hezkuntza, menpekotasuna, etxebizitza... Fiskalitateak eta aurrekontu-politikak ere kezkatzen gaituzten gaiak dira.

Horiek horrela, kontuan izan behar dugu badela faktore bat sindikatuaren jarduna baldintzatzen duena: zuok denok zarete, ELAko ordezkariok.

Zenbat eta handiagoa izan ELAren ordezkaritza, orduan eta zailagoa izango du patronalak erreformez neurriz gainezka baliatu ahal izatea. Izan ere, ELAk ordezkaritza zabalagoa lortuz gero, indar handiagoz jokatuko du murrizketak lehengoratzeko, eta justizia sozialaren alde egiteko. ELAk ordezkaritza zabalagoa lortuz gero, indar-korrelazioa subiranotasun sozialaren aldera lerratuko da.

Gogotik bultzatzen zaituzten hauteskunde sindikalak ongi lantzera. Hauteskundeen emaitzen menpean dago sindikatua handiagoa eta indartsuagoa izatea; eta horren ondorioz zabaldu ahal izango dugu gure ahalmena gehien preziatzen dugunarekin engaiatzeko: pertsonarik ahulenekin —enplegua izan edo ez izan—, justiziarekin, eta gure herriaren subiranotasun sozial eta politikoarekin. Gure ordezkari sindikalak jabetu behar dira proiektu bateko partaide direla, eta proiektu horrek ez duela menpekotasunik onartzen ekonomia-boterearen, gobernuen edo alderdi politikoen aldetik. Horixe da ELA.

Horregatik guztiagatik… ELA bozkatu behar dugu, eta baita bozkatzeko eskatu ere.