3000 euro. (Astekaria 176, editoriala)
Hori da, gehienez ere, enpresaburuak ordaindu beharko lukeen isunaren balioa, bere lantegian ikuskaritzak lan kontratuen inguruko iruzurrik atzemango balu. Lan iruzurra errentagarria da, esan dezagun argi, onura segurua delako (ugazabarentzat, noski, ez beharginarentzat), iruzurraren atzematea gutxitan gertatzen delako eta, gertatuta ere, ordaindu beharreko dirua ugazabarentzat huskeria delako.
Ugazabarentzako onura segurua dela diogu. Zertan, baina, onura? Lehenik, langileen parte bat, ahalik eta zabalena, kontratu finkorik gabe izateak, langile kopurua unean uneko beharretara, inolako kontrolik gabe, egokitzeko damaion ahalmen osoan. Bigarrenez, kontratu ez finkoen eremuan Don Bildur izaten delako kapataz. Eta ez dago, jakina denez, jarritako arrastoari langileek zintzo asko jarrai diezaioten Don Bildur baino langilezain hoberik.
Bestalde, oso gutxitan gertatzen da iruzurraren atzematea. Ez, pentsa zitekeen bezala, orratza lastategian kausitzea bezain lan gaitza delako; ez eta gutxiagorik ere. Urteak dira, dagoenekoz, legeek aldi baterako kontratuen erabilera murriztu zutela; haatik, ugazabek lege aldaketarik izan ez balitz bezala jokatzea erabaki zuten. Hortaz, gaur iruzurra hain dago hedatua, non ikuskariek begi bistan dagoena ez ikustea nahiago baitute. Langile kaltetu gehienek, berriz, mutuarena egitea hobetsi dute, egoeraren salaketak bueltarik gabeko kaleratzea ekarriko bailieke.
Gauzak horrela, oso noizbehinka nor edo nori jarri dakiokeen isuntxoak ez du patronalarengan inurriak elefantearen bizkarrean egindako hazkak baino eragin handiagorik. Horregatik, administrazioek bestelako neurriak, bestelako ganoraz, hartzen ez dituzten bitartean, iruzurrezko lan kontratuenak, goraipatzea hain gustuko duten legearen inperioaren barna zabaldutako beste gune franko bat izango da.